Greba sektore publikoan

Udal langileekin kudeaturiko zerbitzuak greban etzi

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 23a, 11:41

Gehiengo sindikalak asteazkenerako, urriaren 25erako sektore publikoan deitu duen greba egunarekin bat egin du Usurbilgo Udaleko Langileen Batzarrak.

Bi greba egunen bezpera gaurkoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Asteartean, urriaren 24an hezkuntza publikoan deitu dute greba ELA, Steilas eta CCOO sindikatuek. Etzi, hilaren 25ean, sektore publiko osoan deitu du greba gehiengo sindikalak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, STEILAS eta ESK sindikatuek hain zuzen.

Etziko deialdi horrekin bat egin zuen Usurbilgo Udaleko Langileen Batzarrak, iragan ostiralean egin zuten bilkuran. Udaletik berri eman dutenez, "langileen babes zabala jaso zuen deialdiak".

Ondorioz, Udalak ohartarazi duenez, "udal-langileekin kudeatzen diren zerbitzu publiko guztiak itxita egongo dira asteazkenean". Zehazkiago esanda, zebitzuok: udaletxea, Gizarte Zerbitzuak, Potxoenea eta Sutegi. Aldiz, irekiak egongo dira Oiardo kiroldegia, Gaztelekua, jubilatuen elkarteetako egoitzak edota Haur Eskola. Martxan izango dira baita etxez etxeko laguntza zerbitzua, Eguneko Arreta zerbitzua, Sexu Aholkularitza Gunea eta "bestelako tailer eta ikastaroak".

Atez ateko bilketarik ez, Potxoenea bileretarako zabalik
Adi, Garbitaniak ere greba egingo du asteazkenean. Horregatik, egun horretan, "ez da hondakinik bilduko", atez ateko bilketa zerbitzurik ez da izango. Gogoan izan, asteazkenetan papera eta kartoia biltzea egokitzen da. Udaletik ohartarazi dutenez halere, "larrialdi guneak irekita egongo dira, behar dutenek erabilgarri izan ditzaten". Bide batez, "kontutan izanda, datorren asteazkena ere (azaroak 1) jai dela eta enpresa eta establezimendu asko itxita egongo direla, ostirala 27, paper eta kartoi bilketa berezia egingo da, soilik enpresa, establezimendu eta erakundeetan (ez etxebizitzetan)".

Potxoeneari lotutako oharra azkenik. Bertan, urriaren 25ean, "ez da arreta zerbitzurik izango, baina modu autogestionatuan funtzionatzen duen heinean, erreserba eginda dutenek bertan bilerak egiteko aukera izango dute".