Txirikorda, Eguneko Zentroa edota euskararen aurkako oldarraldia, datorren osoko bilkurako hizpideen artean

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 23a, 11:03

2024rako Ordenantza Fiskalak hasieraz onartu eta Ugartondoko obren exekuzio kontratua suntsitzea erabaki zuten urriaren 10eko ezohiko osoko bilkuraren ondotik, hilabete honi dagokion ohiko saioa deitu dute, ostegun honetan, urriaren 26an. 

Hitzordu horri begirako gai-zerrenda helarazi berri du Usurbilgo Udalak. Denetariko gaiak hartuko dituzte ahotan udal ordezkariek, hiru egun barru. Batetik, Eguneko Zentroari lotutako bermea itzultzeaz bozkatuko dute. Bestetik, oraingo honetan ere, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua ere mintzagai izango dute. Ugartondoko bizilekuotarako araudiaren aldaketa hasieraz onartu edo ez bozkatuko dute.

UEMAren adierazpena
Pil-pilean diren euskararen aurkako epaiak ere ahotan hartuko dituzte datorren osteguneko osoko bilkuran. Gogoan izan, administrazio publikoaren jarduna euskaraz egitea ahalbidetzen duen Udal Legearen artikulu gehiago baliogabetu zituen EAEko Auzitegi Nagusiak iragan astean kaleraturiko bi epaien bidez.

Horren aurrean, Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) adierazpenak helarazi zizkien Udalei, "ahalik eta lasterren onartzeko". Adierazpen horixe da hain zuzen, osteguneko osoko bilkuran irakurri eta bozkatuko dutena.


Osoko bilkura
Eguna: urriak 26, osteguna.
Ordua: 18:00.
Tokia: Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoa.
Gai-zerrenda:
1-Aurreko bilkuretako akten onespena:
1.1.-2023/09/28ko bilkurako akta.
1.2.-2023/10/10eko bilkurako akta.
2-Alkatetzako dekretu hauen berri ematea: 2023ko irailaren 25etik urriaren 19ra (2023/942-2023/1050).
3-2023/952 dekretuaren berri ematea: hainbat Batzorde Informatzaileren lehendakaritza eskuordetzea (2023IIBL0001).
4-Gestion de Servicios Residenciales Koop. Elk.-ri Usurbilgo Udaleko Eguneko Zentrora erabiltzaileak eramateko "Adineko pertsonentzako Usurbilgo Puntapax eguneko zentroaren erabilera eta kudeaketa zerbitzua emateko" kontraturako jarritako behin betiko bermea itzultzea (ID. 05/2017-0375).
5-Ugartondoko Txirikorda eraikinean belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa arautuko duen erregelamenduaren aldaketari hasierako onespena ematea (ID. 02/2022-0156).
6-Adierazpena (EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren sententzia Eusko Jaurlaritzaren 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzen dituena).
7-Galderak eta eskaerak.