Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa deitu du azaroaren 4an arratsaldeko 17:00etan Bilboko Euskaldunatik abiatuko dena, "Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat" aldarripean. "Euskararen alde, azaroaren 4an denok Bilbora!" deitu dute Udarregi ikastolatik. Bizkaiko hiriburuko mobilizaziora joateko autobus zerbitzua antolatu du ikastolak NOAUA! Kultur Elkartearekin lankidetzan. Izena esteka honetan eman beharko da, ostegun hau, urriaren 26a baino lehen: autobus zerbitzua Bilbora.
"Autobusaren prezioa, 17 euro ingurukoa izango da (izena ematen duten pertsona kopuruaren araberakoa)", ohartarazi du ikastolak.
Hainbat atxiimendu jasotzen ari da deialdia; tartean sindikatu nagusiena. ELA, LAB, CGT/LKN, STEILAS, HIRU, EHNE, ETXALDE, ESK, LANARTEA. OlatuKoop-ek edota Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egin du deialdiarekin.
Euskara jasaten ari den oldarraldia salatu nahi da, geure hizkuntza babestu. Epai sorta kaleratu dute epaitegiek azkenaldian; azken biak 48 orduko tartean iragan astean. Udalei (tartean Usurbilgoari) haien jarduna euskaraz egitea ahalbidetzen dien araudiko hainbat artikulu baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak.
"Manifestazioa euskararen normalizazioaren kontrako oldarraldiaren testuinguruan kokatzen da. Izan ere, azkenaldian auzitegietatik areagotu egin dira euskararen sustapena eta normalizazioa helburu duten hainbat neurriren aurkako sententziak", dio Euskalgintzaren Kontseiluak. Ohartarazi dutenez, "ez dira sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza-politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza-eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat. Izan ere, sententzia guztien elementu komun bat dut: gazteleraren nagusitasuna ezartzea herritarron hizkuntza-eskubideen gainetik, eta beraz, oinarrizko eskubideen kaltetan".
Horregatik, deialdi zabala egin dute Bilboko manifestazioan parte hartzera. "Azaroaren 4ko manifestazioa euskalgintzak deitu duen arren, hizkuntza-aniztasunean, justizian eta berdintasun sozialean sinesten duten eragile eta norbanako guztiei gonbidapena luzatzen zaie oldarraldiaren aurrean euskararekin bat egitera, euskaraz bat izatera".
Oldarraldiaren aurrean. Euskararekin bat. Euskaraz bat.
Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun erakundeok kezkaz bizi dugu azkenaldian euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat, funtsean.
2023ko martxoaren 24an Kontseiluak bere urteko Batzar Orokorrean adierazpen publikoa onartu genuen, euskararen biziberritzearen aurkako olatu erreakzionarioari aurre egiteko itun politiko eta sozial sendo baten aldeko deia egin genuen. Izan ere, euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.
Horrela, maiatzaren 10ean Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, agerraldi jendetsua egin genuen euskal gizarteko askotariko norbanako ezagunek eta gizarte eragileetako ordezkariek. Bertan, azaroaren 4an Bilbon euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestaziorako deia egin genuen.
Uztailaren 13an, aldiz, Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen aurka emandako sententzia salatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 80 alkate eta ehundik gora udal ordezkari elkartu genituen Bilbon, euskalgintzak deitutako agerraldian.
Irailaren 26an aurkeztu ziren azaroaren 4ko manifestazioaren xehetasunak: 17:00etan Euskaldunatik abiatuko da, Bilboko udaletxeraino, «Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean.
Informazio gehiago, kontseilua.eus atarian.