"Haurren aurrean, helduok heldu"

Euskarazko liburuen truke-azoka ostiralean

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 24a, 11:05

Helduen artean euskararen erabilera sustatu eta haurrekiko hizkuntza eredugarritasuna bultzatzeko Euskal Herri mailan, baita Usurbilen ere abian den "Haurren aurrean, helduok heldu" ariketa soziala borobiltzeko euskarazko liburuen truke-azoka antolatu dute Udarregi ikastolak eta Usurbilgo Udalak, ostiralerako, urriaren 27rako. 

Ikastolatik azaldu dutenez, LH 1, 2 eta 3 mailetako ikasle eta gurasoekin egin nahi dute azoka hau hiru egun barru, arratsaldeko 16:30etan hasita Agerialdeko patioan. Egunok prestaketa lanetara bideratu nahi dituzte.  "Haurrek beraien euskarazko liburu edo ipuin bat (egoera onean dagoena) ekarri beharko dute ikastolara. Irakasleek jasoko dituzte liburuok eta txartel bat emango diote haurrari liburuko". Txartel horrekin irtengo dira gaztetxoak ostiral arratsaldeko 16:30etan Agerialdeko patiora. 

Ariketa soziala, urriaren 29ra arte
Euskaltzaleen Topaguneak antolaturiko "Haurren aurrean, helduok heldu" ekimena hilaren 29ra arte luzatuko da. Helburu bikoitza du egitasmoak; euskararen erabileran eragitea eta haurrekiko hizkuntza eredugarritasuna sustatzea. Ekimen hau, haurrak eta gurasoak elkartzen diren topalekuetan bideratu nahi da; ingurune informaletan (parkeak, plaza, ikastetxe atariak...). Bideratu beharreko konpromisoa, euskara ahotan hartzea. 

Ariketa sozial honen parte hartzaile izanez gero kontuan hartu; batetik, "euskaraz ondo moldatzen ez bazara, lehen hitza euskaraz egin, euskara ulertzen dutenei" eta ulertzen dutenekin euskarari eutsi baita haiek erdarara jotzen badute ere; aldiz, euskara ulertu bai baina mintzatzeko zailtasunak izanez gero, "gonbidatu zure ingurukoak euskaraz aritu edota jarraitu dezaten zurekin". 


Eskertza
Usurbilen 30eko guraso talde eragile bat osatu dute Udarregi ikastolaren bueltan ariketa sozial honi begira, parte hartu eta hedapen lanerako. Tartean, Carola Giraudok ekimen honi begirako irudia sortu du, Ander Zuloagak mezua. "
Ikastolaren izenean, bertako guraso ditugun Carola Giraudo eta Ander Zuloagari eskerrik beroenak helarazi nahi dizkiegu. Haurrentzat eredu garenez, helduon artean euskararen erabilera sustatzea asmo duen “Haurren aurrean helduok heldu” ariketa sozialaren aitzakian, euskararen aldeko irudi zein mezu ederrak sortu eta guztion eskura jarri dituzte. Ekintzailetasunean ere eredu, bejondeizuela!", adierazi diete Udarregi ikastolatik.