Xosé Estévez historialaria: "Gaur egungo testuinguruan, Galeuzca oso aktuala da"

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 25a, 10:21

Galeuzca, La periferia contra el páramo (Nabarralde) liburua plazaratu du aurten. Azaroaren 6an, liburuari eta Galeuzcari buruzko azalpenak eskainiko ditu Sutegin. Udal liburutegiak eta Nafartarrak taldeak elkarlanean antolatu duten solasaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da.

Nabarralderen web orrian irakurri dugunez, 1923ko ‘Aliantza Hirukoitza’ delakoaren ehungarren urtemuga ospatuko da aurten. Galeuzca mugimenduaren sorburua hau izan al zen?

Egia esan, Galizia, Katalunia eta Euskal Herriko abertzaleen arteko harremanak orduan hasi ziren estutzen. Ordura arte, harremanak bilateralak izan ziren; galiziar eta katalanen artean edota euskaldunen eta katalanen artean. Galeuzca izena ordea, 10 urte beranduago agertuko zen, 1933. urtean. Galeuzca mugimendua, hasiera batean politikoa zena, periferiako hiru nazioen behar batetik abiatu zen. Espainiako estatu zentralista eta hertsiaren aurrean, hiruko bloke abertzale bateratu bat eta solidario bat artikulatzeko premiaz.

Bilaketa iraunkor baten gisa definitu daiteke, modu ziklikoan sinatutako itunen bitartez indartua izan zena. Euskal-galiziar-katalan akordio bat izan zen, gero eta autogobernu maila handiagoa lortzeko helburuarekin jaio zena. Soberaniaren premia azpimarratzen zen; batzuentzat autonomia integrala eskatzen zen, besteentzat federalismoa edo kofederelismoa, eta beste batzuentzat independentzia.

 

Xosé Estévez:

"Euskal-galiziar-katalan akordio bat izan zen, gero eta autogobernu maila handiagoa lortzeko helburuarekin jaio zena"

 

Galeuzca 1933an sortu zen. Lehen erreferentzia Euzkadi egunkarian agertu zen. Esan daiteke euskal ekimenez osatu zela Galeuzca?

Galeuzca osatzeko lehen hartuemanak Bartzelonan eman ziren, 1933ko maiatzean. ANV, PG eta ERC alderdiek urte horretako apirilaren 2an Bilbon eskainitako mitinaren ondoren, eta apirilaren 16an Donostian egin zen II. Aberri Egun arraskatsuaren ondoren.

Bartzelonako lehen hartueman horietan, Telesforo Monzonek eta Teodoro Hernandorenak hartu zuten parte euskaldunen izenean,  GBBko presidentea eta idazkaria hurrenez hurren, eta katalanen ordezkari gisa Josep Maria Batista i Roca Palestra erakundeko idazkaria aritu zen. Hauek dira Galeuzca izena asmatu zutenak, eta 90 urteko ibilbidea abiatu zutenak.

 

Ez da Galeuzcari buruz idazten duzun lehen aldia. Oraintsu ‘Galeuzca, La periferia contra el páramo’ argitaratu duzu Nabarralde argitaletxearekin. Liburu honen bitartez zertan sakondu nahi izan duzu?

Lehenik eta behin, Galeuzcaren baitan hartu diren akordio eta hitzarmen ezberdinen inguruko narrazio deskriptibo bat egiten saiatu naiz. Ahanzturaren putzuan galduta gera ez daitezen.

Bigarrenik, eta latinerako esaera zaharra gogora ekarriz, historia bizitzaren irakaslea denez eta iraganeko ezjakintasunak orainaldiko akatsak ongarritzen dituenez, gaur egungo testuinguruan Galeuzca oso aktuala dela. Bere analisiak konponbide ezberdinak iradoki ditzakeelako: estatu espainiarreko lurralde egituraren arazoari aurre egin ahal izateko behingoz, gaur egun guztiz desegokia dena.

Xosé Estévez:

"Galeuzca mugimenduak gorabehera ugari ezagutu ditu baina edozein unetan Ave Fénix-aren pare berpiztu daiteke"

Galeuzca 1923an sortu zen, Espainiako Bigarren Errepublika garaian. Galeuzcaren garairik emankorrena hori izan al zen?

Erantzuna ez da erraza ezta irmoa ere. Galeuzca 1933ko uztailaren 25ean Compostelako Itunean adostu zen mugimendu bat izan zen. Uztailaren 30ean itun hori zabaldu eta eguneratu egin zuten Bilbon eginiko bilkura batean eta, azkenik, Bartzelonan finkatu zuten Galeuzcari lotutako ituna abuztuaren 4tik 12rako epean.

Une horretan, Errepublikako gobernua ezkerrekoa zen. Galeuzca itxaropen itsasargi bat izan zen Errepublika federal batera iristeko bidean, eta era honetan estaturik gabeko hiru nazio galeuzcarrak nazioarteko oihartzun handiagoa izatea lortu nahi zen, besteak beste, Minoria Nazionalen kongresuetan (kongresu hauek Nazioen Elkarteari lotuta zeuden, gaur egungo ONUren aitzindaria zen elkarteari). Baina itxaropen hori etsipen bilakatu zen 1933ko azaroan eskuindarren gorakada eman zenean, eta ondorengo bi urteetan ezarri zen eskubitar aroak itxaropenezko perspektiba hura zapuztu zuen.

 

Galiziar, katalan eta euskaldun nazioei ikusgarritasuna emateko sortu zen mugimendu hura zertan da gaur egun?

Galeuzca mugimenduak gorabehera ugari ezagutu ditu bere ibilbidean zehar, baina edozein unetan, egoera egokia ematen den unean, Ave Fénix-en pare berpiztu daiteke. Bada esaera zahar bat uste hau indartzera datorrena: batasunak indarra dakar. Azken ahalegina Llotja de Marreko Adierazpena izan zen, 2019an Bartzelonan sinatu zena. Galeusca eraginkor bat suspertzeko egoera ezinhobea da, eta ez da baztergarria. Baina ez nago hiru nazioetako alderdi abertzaleetako lider politikoen burmuinetan. Batzuetan, historialariak profeta haiek bezala sentitzen gara, desertuan alperrik deklamatzen.

Xosé Estévez:

"Espainiako Kongresuan euskaraz hitz egin daiteke orain. Galeuzcatarrek desiratutako amets bat bete da"

Galiziarra jaiotzez, aspaldi bizi zara Euskal Herrian. Galiziera eta euskara menderatzen dituzu. Nola moldatzen zara katalanarekin?

Galiziera menderatzen dut, eskolan gazteleraz alfabetatua izan nintzen arren eta galizieraz hitz egiteagatik zigortua izan nintzen arren. Euskara menderatzea gustatuko litzaidake baina zoritxarrez ez da horrela, penaz diot. Katalanari dagokionez, liburu asko irakurri ditut eta irakurtzen ditut hizkuntza horretan, batez ere Galeuzcaren inguruko nire ikerketek horretara behartzen nautelako. Espresio eta hitz asko ez daude galizieratik oso urruti. Biak hizkuntza erromanikoak dira, azken batean.

 

Honi lotuta, Espainiako Kongresuan eta Senatuan euskaraz hitz egin daiteke orain. Galeuzca sortu zuten haien aldarrikepenetako bat hauxe izango zen akaso?

Lorpen oso positiboa da, eta duela urte asko lortuta egon beharko lukeela iruditzen zait. Honek adierazten du espainiar estatua plurikulturala dela, plurilinguistikoa eta plurinazionala. Aurrerapen sakonagoak eskuratzeko lehen urratsa dela. Nola ez, galeuzcatar zaharrek desiratutako amets bat bete da. Nire garaian esaten bezala, “galtzen den borroka bakarra, abandonatu egiten dena da”, edota “ezinezkoa lortzeko borrokatu behar da, posible dena erdietsi ahal izateko”.

 

Nafartarren zikloa

'Vasconiatik Iruñera, Pirinioetako Erresuma 711-824. Eneko Haritza' zikloa.

 

Urriak 30-azaroak 6
18:00-20:00 Erakusketa Sutegin.

 

Urriak 31 asteartea

19:00 'Irunberri 1990: gure herriaren metafora bat' liburuaren aurkezpena Sutegin. Hizlaria: Pako Aristi.

 

Azaroak 2 osteguna

19:00 'Krutwig. Bere mendeurrenean berrirakurtzen' liburu biografikoaren aurkezpena Sutegin. Hizlaria: Oskar Arantzabal.

 

Azaroak 4 larunbata

10:00 Jardunaldia Sutegiko auditorioan. Bi hitzaldi:

'Banu Qasi Vascones islamizados'. Hizlaria: Jose Luis Orella Unzue (gazteleraz).

'Errozabal/Orreaga 824 ko gudua'. Hizlaria: Beñi Agirre.


12:00 Mahaingurua Sutegin: Iñaki Idigoras, Iñigo Larramendi,  Angel Rekalde. Moderatzailea: Mentxu Zorita.


Azaroak 6 astelehena

19:00 Xosé Estévezen 'Galeuzca, La Periferia contra el páramo' liburuaren aurkezpena Sutegi udal liburutegian.

 

Sarrera: doan.

Antolatzaileak: Nafartarrak eta Udal liburutegia.