Natur kontserbaziorako nazioarteko batasunak argitaratu du orain hilabete anfibioak arriskuan daudela. Zuek zein irakurketa egiten duzue?
Duela hilabete batzuk prentsa ohar bat atera genuen Natur Kontserbaziorako Nazioarteko Batasunak ateratako ikerketa lan baten harira. Lan hori munduan egin den ikerketa zabalenetakoa izan daiteke edo espezie gehien kontuan hartzen dituena, behintzat. Bertan, landare eta animalia talde taxonomiko ezberdinetako espezieak hartuta, aztertu zuten zein talde zeuden egoera makurrenean. Ornodunei dagokienean, argi geratu zen anfibioak direla talde mehatxatuena. Espezieen %40 mehatxatuta daudela uste dute. Guk ikerketa lan hori aprobetxatu genuen Euskal Herrian anfibioek bizi duten egoera aztertzeko. Duela gutxiko EAEko espezie mehatxatuen zerrendan espezie bakarra geneukan, Hegoaldeko zuhaitz igela edo igel meridionala deritzona. Azken birpasa egin ostean, zerrenda horretara beste bi espezie ere gehitu dira eta guk ondorioztatu genuen anfibioen egoerak ez duela onera egin eta horrek zer pentsatu eman beharko ligukeela. Zentzu horretan aipatu, mehatxupean dauden espezieen zerrenda atera zutenean hor sartu eta bertan jarraitzen duela oraindik ere Hegoaldeko Zuhaitz Igelak kategoria gorenean. Azken hamarkadetako zonalde berdinean jarraitzen du, baina ez du lortu egoera hobetzea.
Jon Garin:
"Orion, Usurbilen eta Donostian baino ezin daiteke topa. Ipar Euskal Herrian ere bizi da igel hau, baina inon gehiago ez"
Zein berezitasun ditu igel honek Dbus konpainiako ikurra eta Gipuzkoa Basketeko maskota izateko?
Espezie mehatxatuen lehen zerrenda kaleratu zenean, kategoria gorenean zegoen orduan ere eta Aranzaditik kanpaina bat bultzatu zen espeziearen egoeraren berri emateko. Hastapenetan, 90eko hamarkadako lehen urte haietan kinka larrian egon zen igel hau Gurelesa enpresaren alboan dagoen urtegian ugaltzen zelako. Proiektu bat zegoen hori deusezteko eta gizartean mugimendu bat sortu zen espeziea babestu eta kudeaketa ekintzak sortzeko animalia honen alde. Horrez gain, beharrezkotzat hartu zen jendea jabetzea inguru horretan daukagun altxorraz. Hego Euskal Herria kontuan hartuko bagenu, Orion, Usurbilen eta Donostian baino ezin daiteke topa, eta horrek oso berezi egiten du. Ipar Euskal Herrian ere bizi da igel hau, baina inon gehiago ez. Honengatik guztiagatik eman zaio horrenbesteko oihartzuna. Dbus konpainiak ikurtzat hartu zuen, Gipuzkoa Basketek maskotatzat eta Igaran dauden tabernetan eta enpresetan izen edo logotzat ere bai.
Jon Garin:
"Zuhaitzetara edo altuera batzuetara igotzeko gai da"
Zein da beren habitat naturala?
Azken ikerketa genetikoen arabera, igel honek migrazio bide bat izan omen zuen Afrikatik inguru hauetara. Iberiar penintsulan leku ezberdinetatik sartu zen duela 4000-5000 urte inguru Gibraltargo lurmuturretik aurrera eginda. Kolonizazio prozesu bat hasi zuen orduan, eta Usurbilen eta inguru hauetan daukagun populazioa Kataluniako populazioaren berdina da. Kataluniatik barna sartu eta Pirinioetako iparraldetik iritsi zen lurralde hauetara. Ipar Euskal Herrian bizi den lurraldetik Donostia ingururako tarte horretan aurkitzen saiatu gara, Txingudi inguruan bizitzea ez zelako harritzekoa izango, baina ez dugu topatu. Genetikoki berezia da eta inguruko espezieekin alderatuta ezberdina. Egungo bizilekuari dagokionez, uste da (erabat ziurra ez bada ere) erreka ingurua migrazio bidetzat erabiltzen duela, baina ugaltzeko ur geldoak behar ditu, hau da, putzuak. Putzu iraunkorrak nahiago ditu, tamaina handiko putzuak behar dute, ez diete balio bide bazterrean osatzen diren ur putzu txikiek. Urte osoan urez beteta mantentzen diren putzuak behar ditu, Igeldoko edo Mendizorrotzeko mendizerran dauden putzuak eta urtegi txikiak. Putzuek nahiko agerian egon behar dute, eguzkitsuak izan, eta horrek asko zailtzen du kudeaketa. Abereen edo gizakien zuzeneko eskuhartzea behar du horrek, ur ertz hori irekita mantentzeko.
Basoan aurkituko bagenu, nola bereizi genezake gainontzeko igel espezieengandik?
Badugu Hego Euskal Herrian oso antzekoa den beste espezie bat ere, baina hura ez genuke Gipuzkoako inguru hauetan aurkituko. Zuhaitz Igel Iberiarra da hori, baina juxtu inguru hauetan ez da bizi. Igel hauen berezitasuna da igokariak direla, hau da, zuhaitzetara edo altuera batzuetara igotzeko gai direla. Zuhaitzetan gora igo daitezke eta arrak emea kantuen bidez erakartzen dute. Beraz, bereizgarri nagusiak bi dira: kantu ozenak (ia kilometro batera entzun daitezke euren kantuak) eta zuhaitzetara igotzeko gaitasuna. Gainontzeko beste espezie arruntek ez dute horrelako berezitasunik. Orokorrean, oso espezie liraina da eta oso txikia. Normalean, 4-5 zentimetrokoak dira.
Jon Garin:
"Arrak emea kantuen bidez erakartzen du"
Espezie honen etsai nagusiak zein dira?
Nabarmendu behar da lehenengo animalia honek bizitzeko behar dituen hezeguneetako asko desagertu egin direla. Gipuzkoako orografia gorabeheratsuak egiten du eraikuntzarako erabiltzen diren lurrak lauak izatea eta zonalde horietan sortzen ziren putzuetako asko lehortu egin dira eta galdu. Espezieak erabilgarri zituen habitatak galdu ditu eta egun erabiltzen dituen putzuetako asko gizakiak sortutakoak dira ingurumen planetatik etorrita. Horrez gain, azpimarratu beharra dago kanpoko espezieek egiten dieten kalte ikaragarria. Igelak erabiltzen dituen putzu askotan ikusi ditugu arrainak eta dordokak. Horiek izugarrizko triskantza egiten dute igelek urteetan uzten dituzten arrautzak eta zapaburuak jaten dituztelako. Beraz, ondorengo gutxiago dituzte eta epe luzera populazioaren egoerak okerrera egiten du. Egoera honen erantzuleak gu gara, etxean gehiago nahi ez ditugun arrain eta dordokak putzu hauetan askatzeagatik.
Artikulaaundiko putzua da zuhaitz igelaren bizitokietako bat.
Gizarteak zer egin lezake espezie honi laguntzeko?
Lehenik eta behin, etxean dauzkagun animaliak betirako hartu behar ditugula kontuan izan eta ez edonon utzi nazkatzen garenean beraietaz. Kanpo espezieen kudeaketa egokia egin behar da eta planak badaude horretarako, baina norbait ez bada gai animalia hori zaintzeko edo ezin badu eduki, Foru Aldundira deitu eta basozainek hartuko dute arrain, dordoka edo dena delako hori eta babesleku batzuetara eramango dituzte. Leku batzuetan Floridako dordoka asko askatu dituzte eta ugaltzen hasi dira Txingudi inguruan eta arazoa kronifikatu egin da nolabait. Legeak gogortu egin dira eta horrek nolabait lagundu dio zuhaitz igel honi. Dendetan espezie batzuk ezin dituzte saldu, baina beste batzuk bai eta arazo horrek oraindik ere bere horretan dihardu. Hala ere, anfibioen gainbeheraren kausa nagusietako bat munduan pandemia egoera batean daudela ere bada. Onddo eta birus batzuk zabaltzen ari dira eta eragin handia izaten ari da hori anfibioengan. Beraz, gizakiok putzuetara ez jotzea izan daiteke arazo honi aurre egiteko modu bat. Uretan ez sartzea komeni da, guk geuk ere gaixotasun horiek zabal ditzakegulako putzu batetik bestera onddo eta birus hauek nahigabe gainean eramanda.