Haizeagatik abisu horian gauerdira arte

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 24a, 08:00

Haizea gogotik jotzen ari da astearte arratsalde honetan. Abisu horia ezarri dute gauerdira arte.

Astearte "arratsalde-gau partean hego-mendebaldeko haize-boladek 100 km/h-ko abiadura gaindi dezakete haizeguneetan". Haizeguneak ez diren tokietan, aldiz, orduko 80 kilometrotik gorakoa. Iragarpen hau tarteko, abisu horia ezarri dute astearte arratsalde eta gau parte honetarako, gauerdira arte zehazkiago esanda. 

Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, gaur "arratsaldean euritara jo dezake. Gauean ostarteak zabalduko dira berriro. Hego-mendebaldeko haizea indartuz joango da, bolada gogorrekin arratsalde-gau partean. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".

Asteazkenean, "goibel egongo da eta arratsalde-gau partean euri txikia egin dezake. Hego-mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak nahikoa edo nabarmen igoko dira, maximoak nahikoa igoko dira". Osteguna "goibel eta euritsu" esnatuko zaigu. "Mendebaldeko haizea ibiliko da, bolada gogorrekin. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira, maximoetan aldaketarik ez". 

Informazio eguneratua, euskalmet.eus atarian.