650 Usurbil Bizi

Ondarearen Europako Jardunaldien baitako azken bisita gidatua

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 25a, 09:46

Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eskaintzen ari diren "Usurbil Museo Irekia" bisita saioetan azkena, iganderako, urriaren 29rako iragarri dute. 

Azken igandeotan egin duten moduan, baina datorrena azkena izango da. Ondarearen Europako Jardunaldien baitan antolaturiko "Usurbil Museo Irekia" bisita gidatuan parte hartzeko azkeneko aukera izango duzue urriaren 29an. Ohi bezala, eguerdiko 12:00etan Sutegitik abiatu eta ordubetez herriko kaleetan ditugun sorkuntza lanak sakonago ezagutzeko aukera izango dute nahi duten herrikide eta bisitariek.

Aipatu moduan, Ondarearen Europako Jardunaldien baitan eskainiko da. Herritarren eta haien ondarearen arteko hartuemana estutzeko antolatzen ditu Europako Kontseiluak. Ekimenon bidez, Europako kultura aberastasunaren eta aniztasunaren bueltan sentsibilizatu nahi dituzte herritarrak, ondarea bera babestu edota kulturarteko eztabaida bultzatzea.

Iraila eta urrirako antolaturiko jardunaldion bueltan hamaika ekimen antolatu dira Gipuzkoan; tartean, aipatu moduan, "Usurbil Museo Irekia" ekimena txertatu dute programa zabal horretan. "Usurbilera etortzen den edonork bere koloretan murgiltzea eta paseatzea nahikoa izango du edonora begiratu eta artelan bat aurkitzeko. Zumetaren mural zeramikoak aparteko aipamena merezi du gure eskaintzan, izan ere, Euskal Herriko artelanik esanguratsuenen artean leku propioa baitu. 2023a urte berezia da muralak 50 urte bete baititu. Astebururo murala eta kaleetako beste artelanak "Museo Irekia" bisita gidatuan azaltzen ditugu", diote jardunaldiotako egitarauko azalpenek.

Izen-ematea aurrez
Gogoan izan, bisitarako izena aurrez eman beharko da, ohi bezala, 650usurbilbizi.eus atarian. Gehienez 14 laguneko taldeak osatuko dira.