UEMAren adierazpena
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (UEMA) udaletara helarazitako adierazpena bere egin du mankomunitate horretako kide duen Usurbilgo Udalak ere. Azken hilabeteotan, udal jarduna euskaraz bideratzea ahalbidetzen duten araudiaren aurka kaleratu diren epaiak salatzeko UEMAren adierazpena onartu du gehiengo osoz (EHBildu eta EAJ alde, PSE aurka) udalbatzak gaurko osoko bilkuran. "Euskararen aurkako oldarraldia eten egin behar da", dio "Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat" izeneko adierazpenak. Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4an Bilbon deitu duen manifestazioarekin bat egiten du testu honek.
Txirikordako araudia
Ugartondoko belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioan, elkarbizitza arautuko duen erregelamendua hasieraz eta aho batez onartu du udalbatzak ostegun honetako osoko bilkuran. Urte hasieran Udalak etxebizitza hauek esleitzeko onarturiko ordenantzari erantsiko diote araudi hau. Ezinbesteko urrats gisa jo du udal gobernu taldeak onarpen hau, jada esleituak diren etxebizitzetako bizikideekin kontratuen tramitazioari ekiten hasteko.
Bermearen itzulera
Orain arte, Puntapax Eguneko Zentroa kudeatu duen GSR enpresari berak aipatu gunearen erabilera eta kudeaketa zerbitzua emateko kontraturako jarritako 70.306,14 euroko bermea itzultzea aho batez onartu du udalbatzak gaurko osoko bilkuran. Udalarekin zuen kontratua otsailean amaitu zen eta ez zen luzatu. Gogoan izan, aurrerantzean, Matia bidez eskainiko da zerbitzu hau Egurtzegi Kalezarko zaintzadun etxebizitzen auzune berrian.
Egunbete lehenago
Gaurko saioaren ostean, azaroko ohiko osoko bilkura izatez hilaren 30ean egokituko da. Egun horretarako, aldiz, Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba feminista deitua du. Udal gobernu taldetik, deialdi honekin bat egin eta sustatuko dutela iragarri dute eta azaroko ostegun horretan egokituko den osoko bilkura hilaren 29ra, bezperara aurreratzea proposatu dute. Aho batez onartu du udalbatzak.
Erabaki hauei guztiei buruzko xehetasun gehiago datozen egunotan.