Istripua izan da Kaparotz inguruan, adi asteburuko bide mozketei

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 27a, 13:03

Kaparotz inguruan istripua izan da. Adi, aipatu moduan, asteburuan izango diren errepide mozketei. N634 errepidean Usurbil eta Aginaga artean egiten ari diren hobekuntza lanak gaur Kaparotzeko bihurgunera lekuz aldatuko dituzte. Bestalde, N1 errepidea itxita egongo da asteburu osoan Allerruko zubiko lanengatik. Azkenik, 26. Lasarte-Oria Bai! herri krosa tarteko, hainbat bide mozketa izango dira Zubieta inguruan igande goizean.

Istripua jazo da ostiral goiz honetan Kaparotz inguruan. Eusko Jaurlaritzaren Trafiko Zuzendaritzak ohartarazi duenez, goizeko 11:30ak pasatxoan ibilgailuen arteko talka izan da eta trafikoa moteldu du. Adi inguru horretan, lanean ari dira asteotan.

Kaparotz ondoan lanean

Usurbildik Aginagarako bidean, gogoan izan Kaparotz inguruan berritze-lanetan dutela N634 errepidea. Gipuzkoako Foru Aldundiak azken orduotan Usurbilgo Udalari jakinarazi dionez, Kaparotzeko bihurgunean hasiko dira gaurtik lanean "eta, ondorioz, Udarregi, Zumitzaga eta Urkamendi baserrietatik jaisten den bidetik Donostia aldera soilik joan ahal izango da. Behin-behineko semaforoa jarriko dute".

Gogoan izan, Kaparotzetik gertuko N634 errepideko baranda kendu eta hormigoizko hesi berri bat jarriko dute lanotan. Lanak iraun bitartean, errei bat itxia dute eta behin-behineko semaforo batekin bideratzen ari dira trafikoa azken asteotan. Azaroaren 19ra arte luzatuko dira lanak.

Allerruko zubia
Bugati aldetik Zubietarako sarbideetako bat den N1 errepide gainetik igarotzen den Allerruko  lan hauek tarteko, N1 errepidea itxita egongo da asteburu osoan, ostiral iluntzeko 21:00etan hasi eta astelehen goizaldeko 6:00ak aldera arte. Gogoan izan, lanokin biribilgune bat eraiki nahi du Diputazioak N1 errepide gainean.

26. Lasarte Oria Bai! herri krosa Zubietatik
Aipatu Allerruko zubiko lanak tarteko, igandean, urriaren 29an, Zubieta eta Txikierdi zeharkatuko dituen 26. Lasarte-Oria Bai! herri kroseko ibilbidea egokitu du antolakuntzak. Horrekin batera, zenbait bide mozketa izango dira Ostadar SKT-ren probak iraun artean. 10:15-11:45 artean, Usurbilgo Udalak ohartarazi duenez, "Txikierdirako sarbideetan, Urbil merkatalgunerako sarreran eta Merkabugati biribilgunean". Zonalde horietan guztietan, "lasterketak ahalbidetzen dienean autoei pasoa emango diete".