Sare

"Giltza izatea dagokigu"

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 28a, 10:36

"Konponbiderako Giltzak" manifestua aurkeztu du Sarek urriko azken ostiral honetan Mikel Laboa plazan deitua zuen elkarretaratzean.

Iragan asteburuan hainbat eragile eta norbanakok Gernikan aurkezturiko "Konponbiderako Giltzak" manifestua hedatzen eta atxikimenduak biltzen hasia da Sare auzoz auzo eta herriz herri. Urriko azken ostiral honetan Mikel Laboa plazan egin duten mobilizaziora ekarri du Usurbilgo taldeak. "Giltza izatea dagokigu eta, horretarako, datozen hilabeteetan, "Konponbiderako Giltzak" manifestuaren hedapenean eta konpromisoan aktiboki parte hartzera animatzen zaituztegu", deitu dute urriaren 27ko elkarretaratzean.

Saretik nabarmendu dutenez, "guztiok gara giltza konponbidearen eta bizikidetzaren ateak parez pare irekitzeko".

Segidan duzue, Sarek azken ostiral honetan ezagutzera eman duen manifestuaren nondik norakoen berri.



Sareren adierazpena
Gernikan aurkeztu berri dugu Konponbiderako Giltzak izeneko manifestua eta orain Euskal Herriko herri eta auzoetara egin du salto bertan aurkezturiko dokumentu eta bideoak. Konponbiderako Giltzak salbuespen neurriei atea itxi eta euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko ateak irekitzeko asmoz sortutako tresna da.

Gernikan burututako bideoaren eta ekitaldiaren aurkezpenean, eragile politiko, sindikal eta sozialen ordezkaritza nabarmena bildu zen, Euskal Herriko hainbat norbanako esanguratsuekin batera. Salbuespenezko legeriari amaiera emateko eta euskal presoei behingoz espetxe-politika arrunta aplikatzeko konpromisoa hartu zuten, alegia, etxera itzultzeko bidea irekitzen jarraitzeko borondatea erakutsi zuten beste behin ere.

Orain manifestua herri eta auzo guztietara iritsi da, eta gu guztiok gara, auzokideak, elkarteak, kultur eta kirol arloko jendea, alor sindikalekoak, mezu hau zabaltzeko ardura dugunok; guztiok gara giltza konponbidearen eta bizikidetzaren ateak parez pare irekitzeko.

Ez dadila inor tematu gezurrekin esloganak egiten. Aski da! Ez dago pribilegiorik euskal presoentzat. Gehienek 20 urte baino gehiago daramatzate espetxean, bada 30 urte baino gehiago espetxean daramanik ere. Beren zigorraren gehiengoa beteta, ezein legek ez du esaten espetxeetako harresietatik kanpo beren zigorra betetzeko beste modu batzuk aplikatu ezin zaizkienik. Haien eskubidea da!

Bitartean, ordea, euskal presoei, salbuespen legedia aplikatzen jarraitzen zaie. Ez dituzte kontuan hartzen Frantzian edo Belgikako ziegetan betetako espetxe urteak, 7/2014 Legeak bere horretan jarraitzen duelako. 7/2003 legeak, ezkutuko biziarteko kartzela zigorra ahalbidetzen du eta 5/2003 legearekin euskal presoen jurisdikzio-kontrola Madrilgo organo judizialen esku geratzen da, salbuespenezko epaitegien esku, epaitegi naturalen kaltetan. Legeak dioen bergizarteratzeko aurrerapausoetan oztopo bilakatuz.

Baina era berean, bidea egiten ari gara. Ezbehar guztien gainetik, aurrera goaz. Nahi baino mantsoago, baina euskal gizartearen konpromisoak eta bultzadak fruituak ematen ari da zalantzarik gabe. Etxeratzeko bideari, konponbideari eta elkarbizitzaren eraikuntzari bide ematen jarraitzeko iraganeko ateak itxi eta etorkizunerako ateak irekitzeko unea da.

Beraz, hau da azken ostiral honetan dugun mezu garrantzitsua; giltza izatea dagokigu eta, horretarako, datozen hilabeteetan, "Konponbiderako Giltzak" manifestuaren hedapenean eta konpromisoan aktiboki parte hartzera animatzen zaituztegu.

Etxera!