Ordu aldaketa, goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 28a, 08:07

Ordubete atzeratu beharko ditugu erlojuko orratzak neguko ordutegian murgiltzeko. Larunbatetik iganderako goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira.

Automatikoki edo guk geuk urtean bitan mugitu behar izaten ditugu erlojuetako orratzak garaian garaiko ordutegira egokitzeko. Martxoko azken igande goizaldean ordubete aurreratzen dugu, goizaldeko 2:00etan 3:00ak izaten dira uda parteko ordutegira igarotzeko. Urriko azken asteburu honetan, oraingoan, negukora egokitzeko unea da. Urriaren 28tik 29rako gau honetan, goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira. Beraz, ordubete "gehiago" izango du larunbat gau honek eta bihartik, hilaren 29tik aurrera goizago ilunduko du.

Gogoan izan, azken urteotan ordu aldaketaren gaia hizpide izan dute Europan. Europako Parlamentuak 2021. urtean ordu aldaketa bertan behera uztea adostu eta herrialde bakoitzaren esku utzi zuen udako edo neguko ordutegia mantentzeko erabakia. Neurri hau ordea ez zen gauzatu. Oraingoz ez dago adostasunik gai honen bueltan. Horregatik, diotenez, 2026. urtera arte gutxienez, ordua urtero bitan egokitzen segi beharko dugu. 2024an, martxoaren 31n eta urriaren 27an.