Belaunaldi gazteena ere kantu-jiran

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 28a, 13:53

Ez da lehenengo aldia eta gaurkoan berriz gertatu da. Poztekoa den irudia duzue ondokoa; helduak zein belaunaldi gazteena batera abesten. 

Urriko azken larunbatarekin batera, Usurbilgo Euskal Kantu Taldeak deitutako kantu-jira egin dute herrian barrena.

Belaunaldiarteko topalekua izan da larunbat honetako kantu-jira. Ohiko taldeko kideek bidelagun gehiago ere izan dituzte, herriko gaztetxoak, bai Mikel Laboa plazan hasitako biraren abiapuntuan, baita gerora ere, esaterako, Sagardoaren plazan egin duten bigarren geltokian.

Denek batera, kantu-liburuxkak eskuartean hartu eta errepaso ederra eman diote euskal kantutegiari. 

Gogoan izan, astelehenero biltzen da ikastarorako Usurbilgo Euskal Kantu Taldea 18:00etan Agerialdeko musika gelan. Hilero azken larunbatetan, aldiz, kantu-jirarako. Hurrengoa, azaroaren 25ean izango da.