"Sylvain Timsitek, Noam Chomskyren pentsamenduan oinarrituta, interneten asko hedatu den 10 manipulazio moldeen zerrenda osatu zuen 2002an. Zerrenda hori oinarri hartuta egin ditu Petti musikari beratarrak ‘Manipulazio Estrategiak’ (Zart*, 2020) disko berriko abestiak. Letra guztiak Harkaitz Cano idazleak eginak dira".
Hala irakur dezakegu Zart Sortzaileen Kolektiboaren atarian. Pettik borobildu berri du, bigarrenez Usurbilen ospatu den Booktegi jaialdia larunbat iluntze honetan Sutegin.
Ikusi, entzun eta irakurri
Juantxo Zeberiorekin batera Pettiren emanaldia ikusi eta entzun ahal izan dugu, baita beste modu batean irakurri ere, irudi eta testuen bidez hain zuzen. Auditorioan kontzertua eskaini aurretik, goiko erakustaretoan "Manipulazio estrategiak" izeneko argazki erakusketa bisitatzeko aukera egon da. Pettiren abestiko Harkaitz Canoren letrak irakurri eta abesti bakoitzak ondoan zuen argazkilari ezberdinen irudi esanguratsu eta eder batez osatu dute Booktegi jaialdiko erakusketa.
Goizean Zumarte Musika Eskolako ganbaran eta arratsaldean Sutegiko auditorio sarreran, bestalde, oroigarri moduan, Booktegi jaialdirako sortu dituen ilustrazio bilduma eskuragarri jarri du parte hartzaileentzat Iñaki Basterretxea sortzaileak.