"Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat"

Herri argazkia asteazkenean, azaroaren 4ko manifestazioarekin bat egiteko

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 31a, 07:23

Azaroaren 1ean 13:00ean Mikel Laboa plazan bildu eta herri argazkia ateratzeko deia egin dute herriko eragileek eta euskaltzaleek.

Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa deitu du azaroaren 4an arratsaldeko 17:00etan Bilboko Euskaldunatik abiatuko dena, "Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat" aldarripean. 

Hainbat atxiimendu jasotzen ari da deialdia; tartean sindikatu nagusiena. ELA, LAB, CGT/LKN, STEILAS, HIRU, EHNE, ETXALDE, ESK, LANARTEA. OlatuKoop-ek edota Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egin du deialdiarekin.

Herriz herri ere bat egiten doaz Bilboko mobilizazioarekin. Usurbilen, herriko eragile eta euskaltzaleek, tartean Etumeta AEK euskaltegiak eta NOAUA! Kultur Elkarteak, herri argazkia ateratzeko biltzeko deia egin dute azaroaren 1ean, 13:00ean Mikel Laboa plazan. 

Hitzordu honen bidez, euskararen erabilera mugatzen duen epai judizialak salatzea da helburua, eta Usurbilek ere euskaraz bizitzen segi nahi duela adieraztea. Hizkuntz eskubideak daude oinarri-oinarrian.

Gazte Blokea
Usurbilgo Ernaik ere bat egin du larunbateko manifestazioarekin. Gazte blokea eratzeko deia egin du manifestazio horretan, sare sozialen bidez. "Euskararen alde gauden guztiok hitzordu garrantzitsua dugu datorren larunbatean Bilbon. Beraz, Euskalgintzaren Kontseiluak azaroaren 4rako deitu duen mobilizazioan izango gara Gazte Blokearekin batera. Euskararen alde, euskararekin bat".


Oldarraldiaren aurrean. Euskararekin bat. Euskaraz bat.
Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun erakundeok kezkaz bizi dugu azkenaldian euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat, funtsean.

2023ko martxoaren 24an Kontseiluak bere urteko Batzar Orokorrean adierazpen publikoa onartu genuen, euskararen biziberritzearen aurkako olatu erreakzionarioari aurre egiteko itun politiko eta sozial sendo baten aldeko deia egin genuen. Izan ere, euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.

Horrela, maiatzaren 10ean Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, agerraldi jendetsua egin genuen euskal gizarteko askotariko norbanako ezagunek eta gizarte eragileetako ordezkariek. Bertan, azaroaren 4an Bilbon euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestaziorako deia egin genuen.

Uztailaren 13an, aldiz, Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen aurka emandako sententzia salatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 80 alkate eta ehundik gora udal ordezkari elkartu genituen Bilbon, euskalgintzak deitutako agerraldian.

Irailaren 26an aurkeztu ziren azaroaren 4ko manifestazioaren xehetasunak: 17:00etan Euskaldunatik abiatuko da, Bilboko udaletxeraino, «Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean.

Informazio gehiago, kontseilua.eus atarian.