NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldirako sarrerak agortu dira, gainerako hitzorduetakoak eskuragarri

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 30a, 09:41

NOAUA! K.E.-k antolaturiko Kulturaldiko lehen hitzordurako sarrerak agortu dira; Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizunekoak alegia. Gainerako ekitaldietarako txartelak ez ordea. Gogoan izan, NOAUA!kideok merkeago eskuratu ahalko dituzuela.

Eskaintza oparoarekin datorkigun azaroko NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiko lehen hitzordurako sarreren salmentak berea egin du. Akabo, agortu egin dira Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 35. urtemugako azaroaren 5eko ikuskizunerako sarrerak.

Haien "Urteak bete, abenturak bizi!" emanaldiarekin hasiko dugu azaroko kultur zikloa. Igande arratsalde horretan, Fermin Muguruzak ondutako "Bidasoa 2018-2023" dokumentala proiektatuko dugu Sutegin. Ibai horretan bizia galdu dutenak oroitu eta ibaiaren alde bateko zein besteko ekintzaileek hartuko dute hitza.

Une zirraragarri gehiago azaroko bigarren asteburuan, "Gari & Maldanbera" kontzertuan ikusi eta entzuteko aukera izango dugu. Bakarkako ibilbideko azken 30 urteetako abesti ezagunenak errepasatuko ditu. Biharamunean, azaroaren 11n, Aitziber Garmendia Mendizabalek zuzenduriko "Kanpora sartzen" antzezlana Xabin Fernandez Zubeldia eta Intza Alkain Ibarguren aktoreekin. "Umorez betetako emanaldi gordina" iragarri digute. Xabinek duela hamar urte seropositiboa zela jakin zuenetik gaur arte birusarekin izandako hartuemanari buruzkoa da emanaldia.

Zikloa borobiltzeko, herrikide baten hurbileko kontakizunaz gozatu eta ekarpenak egiteko ere aukera izango dugu. Ixabel Agirrerasobe Arzallus herrikidearen eskutik, "Usurbil borobil errioan dabil" kontakizuna eta tertulia Sutegin.

Bazkideek merkeago
Hitzorduotarako sarrerak usurbilkultura.eus plataforman dituzue. Fermin Muguruzaren dokumentala, "Kanpora sartzen" antzezlana eta "Gari & Maldanbera" kontzertuan ikusteko sarrerak merkeago eskuratu ahalko dituzte NOAUA! K.E.-ren bazkideek kultur elkarteko egoitzan. NOAUA! kide izateak duen abantailetako bat duzue honako hau.


NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia
Azaroak 5, igandea
11:30 Pirritx, Porrotx eta Marimototsen "Urteak bete, abenturak bizi!" ikuskizuna Oiardo kiroldegian.
Zehaztasunak: “35 urte beteko ditugu pailazo taldeak eta horren ospakizuna izango da saioa. Sudurgorrion bizitzan lagun egin ditugun hainbat etorriko dira bisitan ospakizunean parte hartzera. Kantua, dantza eta denon parte-hartzea ez da faltako, ezta tarta erraldoia ere... Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea!... Eta hori izango da gure ospakizuna, beste abentura bat bizitzea!”.
Nori zuzendua: haur eta gaztetxoei.
Sarrerak: agortuak.
Antolatzaileak: NOAUA! Kultur Elkartea eta Usurbilgo Udala.


18:00 Fermin Muguruzaren "Bidasoa 2018-2023" dokumentalaren proiekzioa Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "2018ko udan Frantziak ezarri zituen Pirinio-Atlantikoko Bidasoako muga naturalaren pasagune batzuen kontrola eta itxierak, Europako gainontzeko herrialdeetara igarotzeko etorkinen sarrera eragozteko, 10 hildako eragin zituen urtebetean. Zazpi pertsona hil dira 2021eko apiriletik Irun eta Hendaia arteko Bidasoa ibaiko uretan itota, eta beste hiruk bizia galdu zuten 2021eko urrian, Ziburun tren baten harrapatuta. Dokumental honek, ibaiaren bi aldeetako hainbat ekintzaileri ahotsa eta aurpegia emateaz gain, Harrera Sarea eta Bidasoa elkarteetako ordezkariak, bizia galdu dutenak ere gogoan izango ditu; izena, adina, bidaia eta ametsak, hildako kopuru hotzen atzean dagoen istorioa eta pertsonak ezagutuz, modu honetan tragedia gizatiartuz".
Sarrerak: 6 eurotan azaroaren 5era arte, usurbilkultura.eus plataforman. Bazkideen 4 eurotan NOAUA! K.E.-ren egoitzan.




Azaroak 10, ostirala
22:00 "Gari & Maldanbera" kontzertuan Sutegiko auditorioan.
Zehaztasunak: "Garik, Maldanbera taldearekin batera, bere bakarkako ibilbideko azken 30 urteetako abesti ezagunenak errepasatuko ditu. Horiek guztiak “Gari & Maldanbera. Zuzenean” izeneko diskoan jaso dituzte eta hori da, hain zuzen ere, emanaldi honetan eskainiko digutena. Bestalde, emanaldiak jada prestatzen ari diren ikuskizun berriaren kutsua izango du. Urte amaiera baino lehen album berria argitararuko du Garik bere taldearekin batera. Dagoeneko gure bizitzako soinu-bandaren parte diren abestiekin berriz gozatzeko gaua izango da beraz!!".
Sarrerak: aldez aurretik 10 eurotan usurbilkultura.eus plataforman eskuragarri. NOAUA! K.E.-ko bazkideek 8 eurotan eskuratu ahalko dute sarrera bat kultur elkartearen egoitzan.



Azaroak 11, larunbata
20:00 "Kanpora sartzen" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zuzendaria: Aitziber Garmendia Mendizabal.
Aktoreak: Xabin Fernandez Zubeldia eta Intza Alkain Ibarguren.
Zehaztasunak: "Umorez betetako emanaldi gordina. 2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabinen eta Birusaren arteko harremanari buruz hitz egiteko garaia heldu da. Euren arteko elkarbizitzaren testiguak izango gara obra honetan, azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuz. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, kulpa, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan? Lehen pertsonan idatzitako istorioa da "Kanpora sartzen". Sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duena, eta seropositibo baten egunerokotasunean gertatzen diren kontuak azaleratu nahi dituena. Lortuko al dute Xabinek eta Birusak kanpora sartzea?".
Sarrerak: aldez aurretik 8 eurotan usurbilkultura.eus plataforman. NOAUA! K.E.-ko bazkideek 6 eurotan NOAUA! K.E.-ren egoitzan.



Azaroak 12, igandea
18:00 "Usurbil borobil errioan dabil" Kontakizuna eta tertulia Sutegin.
Zehaztasunak: Ixabel Agirresarobe Arzallus herritarrak 2023ko sormen diru laguntzetan aurkeztu eta babestutako proiektua ikusteko aukera izango dugu. Zubieta, Urdaiaga (Santuenea eta Txokoalde) eta Aginagako herritarrekin, errioko hainbat kontu eta pasadizo jaso ditu. Ahoz eta zuzenean jasotakoarekin ipuin bat sortu da, "gure herriko errioaren ipuin bat". Emanaldian ipuinaz gozatzeko aukera izango dugu eta, ondoren, bertaratutakoekin tertulian jarraitzeko aukera izango dugu".
Sarrera: doan.