Uda partean izan ditugun bero-boladen harira, "Gipuzkoan klima-aldaketara egokitzeko neurriak" abiaraztea beharrezkoa ikusten du Usurbilgo PSE-EEk, baita "gure biodibertsitatea ezagutzen dugun moduan zaindu eta kontserbatzea" eta "gure herritarren eta gure ekonomiaren osasuna zaindu eta babestea" ere. Honako hau, "erronka handia izateaz gain, klima-aldaketaren aurkako borrokak eta horretara egokitzeak Usurbil erresiliente eta osasuntsu bat sortzeko aukera gisa balio behar digu".
Horregatik, gai horri lotutako mozioa aurkeztu duela berri eman du ohar bidez. Testu horretan, "babesleku klimatikoak sortzea eta udalerriko espazio publikoak birnaturalizatzea" proposatzen du udal talde sozialistak, "Usurbilgo herritarrei, animaliei, hegaztiei eta landareei, lurraren klima berotzearen ondorio kaltegarriak arintzeko aukera emango diena".
Mozio horren baitan, ekintza hauek bideratzea proposatzen du Usurbilgo PSE-EEk:
-Usurbilgo udalerriko azpiegitura berdeari buruzko azterlan bat egitea eta udalerriko gune grisenetan birnaturalizazioa sustatzea.
-Tenperatura optimoa bermatuko duten eta bero-boladen garaian aterpe klimatiko gisa erabil daitezkeen kanpoko zein barruko espazioak kokatzea.
-Herriaren berdatzea sustatzeko, zuhaitzik edo eguzki-babesik ez dagoen lekuetan eta eremu gris gehiegi dauden lekuetan, gure hiriak klima-aldaketara eta gure herritarren osasuna babestera egokitzea neurri gisa.
-Usurbilgo lorategi eta baratze pribatuetan ingurumen eta iraunkortasun-jardunbide egokien kontzientziazio-kanpainak bultzatzea.