Elkar ezagutu, hartuemanak sendotu... Sorterri guztietako herrikideen topagunea izan ohi da Mundualdia. Aurtengo edizioa, larunbaterako, azaroaren 4rako iragarri dute.
Bi egun lehenago, hilaren 2an, gainera, urte hasieratik irailera udalerri honetara bizitzera etorritakoei harrera egingo diete alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak eta Aniztasun Kontseiluko zenbait kidek. Haiei guztiei hitzordura gonbidatzeko gutunak bidali dizkiete.
Ekitaldiok 2015-19 legealdian egiten hasi zen Udala. Aurrekoan egin ez arren, "aniztasunaren eta elkarbizitzaren gaian sakontzeko lan eta urrats garrantzitsuak egin zituen. Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen txostena egin zuen Aztikerrek, udalaren eskariz: txosten horretan, migrazioaren inguruko iritziak eta diskurtsoak bildu ziren, begirada 1960/70eko migrazioan zein gaur egungoan jarrita. Lan horren ondorio nagusiak gida batean jaso eta etxez etxe banatu zituen, eta, horrez gain, "Migrazioari maskarak erauzten" ikus-entzunezkoa ekoitzi zuen. Txostena, gida zein ikus-entzunezkoa udalaren webgunean kontsulta daitezke".
Udaletik ohartarazi dutenez, aurrerantzean, asmoa urtean halako bi ongi etorri saio egitea da.
Harrera herri izateko
Urtero, jatorri aniztasuna jaialdian bilakatzen duten Mundualdian eskuartean duten egitasmoren bat aurkezten dute. Oraingo honetan, harrera herri izateko Usurbil jorratzen ari den prozesuaren nondik norakoen berri emango dute azaroko lehen larunbatean.
"Aniztasun Kontseiluan hala adostuta, udalak bi urrats nagusi egin ditu azken hilabeteetan. Batetik, harrera zerbitzua jarri du martxan: etorri berriek herria eta eskura dituzten baliabideak ezagutzeko hitzordua eska dezakete Usurbilgo Aniztasun teknikariarekin. Ekainetik dago martxan, eta 20 lagun inguruk eskatu dute hitzordua. Oraingoz, udalean eskatu behar da zerbitzua: Emakumeen Etxea irekitzen denean, han eskainiko da", azaldu du Usurbilgo Udalak.
Horrez gain, "herriko baliabideen gida berritu du: etorri berriei herriko eskaintza ezagutarazteko tresna da. Liburuxka horren bidez, era askotako informazioa eskuratuko dute. Batetik, udaleko zerbitzuen ingurukoa: errolda, harrera zerbitzua, gizarte zerbitzuak, euskara ikasteko aukerak, etxebizitza, enplegua, kirola, udal baratzeak, hondakinak, Emakumeon Etxea... Bestetik, osasun zerbitzuak, hezkuntza eskaintza, eskolaz kanpoko jarduerak, kultura eta aisialdia, kirola eta garraio publikoari lotutakoak ere aurkituko dituzte. Horrez gain, herriko elkarte, eragile eta taldeen berri ere ematen da, baita urteko festa eta ospakizunen berri ere. Lau hizkuntzatan argitaratuko da: euskara-gaztelania, euskara-ingelesa, euskara-frantsesa eta euskara arabiera. Baliabideen gida ez ezik, hiztegitxo bat ere landu dute, euskaldunak ez diren etorri berriei euskarazko oinarrizko esapideak ezagutzeko balioko diena: sei hizkuntzatan egin dute".
Mundualdia
Azaroak 2, osteguna
18:00 Alkatearen ongietorri saioa urte hasieratik irailera bitarte herrian erroldatutakoei Usurbilgo Udaleko udalbatza aretoan.
Azaroak 4, larunbata
11:00-12:30 Zirimara familian: familien arteko jolasak frontoi inguruan.
18:00 Usurbil harrera herri izateko proiektuaren aurkezpena frontoian.
Segidan, sorterri ezberdinetako herrikideen jakien dastatzea.
Gero, Senegalgo Ndank-Ndank taldearen musika eta dantza ikuskizuna.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Aniztasun Kontseilua.