Azaroaren 3tik 18ra

Gure Zirkua atontze betean dira

Noaua Aldizkaria 2023ko urr. 31a, 10:15

Karpa erraldoia egokitzen hasiak dira. Ostiralean eskainiko da estreinako emanaldia.

Usurbilen tokia hartzen hasi da Gure Zirkua. Astearte honetan ateratako argazkia duzue albiste honi atxikitakoa, Urbil pareko aparkalekuan. Hortxe kokatuko da Euskal Herriko ikuskizun ezagunena. Bertan agurtuko du bere seigarren bira arrakastatsua, ostiral honetan, azaroaren 3an hasi eta hilaren 18ra arte. Bitarte horretan hamabi emanaldi eskainiko dituzte. Ikuskizunoz gozatzeko sarrerak gurezirkua.eus atarian eskura ditzakezue. Azaroaren 5eko emanaldikoak jada agortu direla berri eman dute.

Egun eta orduotarako programatu dituzte ikuskizunok:
-Azaroak 3, ostirala: 19:00.
-Azaroak 4, larunbata: 16:30/19:00.
-Azaroak 5, igandea: 17:00 (sarrerak agortuak).
-Azaroak 10, ostirala: 19:00.
-Azaroak 11, larunbata: 16:30/19:00.
-Azaroak 12, igandea: 12:00/17:00.
-Azaroak 17, ostirala: 19:00.
-Azaroak 18, larunbata: 16:30/19:00.

Gure Zirkua
Harrera jendetsua izan ohi du, Gure Zirkuak bisitatu dituen Euskal Herriko txokoetan. "Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietarako herritarrekin", hala aurkeztu digute Gure Zirkua bere sustatzaileek.

Iragarria dutenez, "Gure Zirkuan sinetsi ezin dena gozatuko dugu; eta karpa barruko giroa osatuko duten orekarekin, indarrarekin, arriskuarekin, trebetasunarekin eta pozarekin harrituko gara".

Sarrerak eta informazio gehiago, gurezirkua.eus atarian.