Alerta laranjan

110 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu gaur gauean

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 1a, 08:29

Asteazken gau oso haizetsua izan dezakegula ohartarazi dute, 110 kilometro ordutik gorako boladekin. Alerta laranjan izango gara gaur iluntzeko 21:00etan hasi eta ostegun goizaldeko 3:00ak arte.

Udazken beteko giroa, azaroa estreinatzeko lehen egun honetan. Euria baina batez ere haizea izango dugu datozen orduotako protagonista nagusia. Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak indarrean jarriko dituen abisu eta alerta artean joango zaizkigu gaurko azken orduak:

Azaroak 1, asteazkena
18:00-21:00 Abisu horia:
-Haizeguneak ez diren tokietan: 60-80 kilometro orduko haize boladak.
-Haizeguneak diren tokietan: 80-100 kilometro orduko haize boladak.

21:00-03:00 Alerta laranja:
-Haizeguneak ez diren tokietan: 90-100 kilometro orduko haize boladak.
-Haizeguneak diren tokietan: 100-110 kilometro orduko haize boladak.

Azaroak 2, osteguna
21:00-00:00 Abisu horia:
-Haizeguneak ez diren tokietan: 80 kilometro ordutik gorako haize boladak.
-Haizeguneak diren tokietan: 100 kilometro ordutik gorako haize boladak.

Gomendioak
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatzen den kasuetan egin ohi duen moduan, gomendiook plazaratu ditu:
-Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
-Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.
-Urrundu erlaitzetatik, hormetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
-Errepidean erne ibili.



Egun euritsu eta haizetsuak
Giro honetan, azaroko lehen egun honetan Usurbilen, Euskalmet meteorologia agentziak iragarri duenez, "goizetik aurrera zerua oso hodeitsu egongo da eta noizbehinka euria egingo du, batez ere goizean. Hego-mendebaldeko haize bizia ibiliko da, bolada gogorrekin; egunaren amaieran indartu egingo da, bolada oso gogorrekin. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Bihar, azaroak 2, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina edo zaparradak botako ditu. Baliteke trumoi-ekaitzak izatea eta txingorra botatzea. Mendebal-osagaiko haize bizi-gogorra ibiliko da goizaldean, orduan hego-mendebala nagusituko da, bolada oso gogorrekin; goizean ahuldu egingo da, baina arratsalde-gau partean berriro ere zakartu daiteke. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira; egunaren amaieran emango dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira".

Ostiralean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du, sarri eta ugari. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake. Hego-mendebaldeko haize bizi-gogorra ibiliko da goizaldean bolada oso gogorrekin; goizean mendebaldera aldatuko da, tarte gogorrekin eta bolada oso gogorrekin. Arratsaldean haizeak indarra galduko du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nahikoa edo nabarmen jaitsiko dira".

Eguraldiari buruzko informazio eguneratua euskalmet.eus atarian izango duzue.