Kultur agenda

Erle Eguna bueltan dakarkigun kultur eskaintza oparoa azaroan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 1a, 10:49

Estreinatu berri dugun udazken giro beteko hamaikagarren hilabete hau loraldi betekoa izan ohi da, herri bizitzari dagokionean Usurbilen. Hamaika hitzordu izaten ditugu urtero eta aurtengoa ez da salbuespena izango. 2023. urteko azaroak, gainera, itzulera bat dakar.

Lau urteren ostean, Erle Egunaren itzulera iragarri dute Erle Lagunak taldekoek. 22. edizioa, garai batean bezala hilabete honetako azken igandean egingo da, azaroaren 26an. Ezagunak genituen hitzorduekin bueltatuko da, urteko azokarik gozoenarekin eta baita Euskal Herriko 22. Ezti Txapelketarekin.

Bigarren itzulera, egun berean izango da; oraingo hau ordea urterokoa, ohi baino zertxobait beranduago datorrena oraingoan; haurrei zuzenduriko euskarazko negu parteko zine zikloa. Estreinaldirako, "Hopper, oilasko erbia" ikus-entzunezkoa programatu dute.

Liburutegia, udazkeneko eskaintza zabalean
Gainerakoan, zikloen hilabetea izango dugu. Azken orduotan Nafartarrak taldekoek abiatu dute urte garai honetako hitzaldi eta jardunaldien tartea. Datozen egunotan, "Krutwig. Bere mendeurrenean berrirakurtzen" liburu aurkezpena (azaroaren 2an), hilaren 4an jardunaldi eguna eta azaroaren 6an "Galeuzca, La Periferia contra el Páramo" liburua aurkeztuko dute. Azken hau, udazkeneko ziklo betean den Sutegi udal liburutegian. Hamaika hitzordu iragarri dituzte hain zuzen liburutegikoek asteotarako kultur-etxean; haur eta gaztetxoentzako Irakurketa Jolas Txokoa eta irakurketa solasaldia Yolanda Arrietarekin, "Mari Xor" liburua mintzagai hartuta, edota "Vuelta al Pais de Elcano" liburuari buruzko solasaldia saritu berri duten bere egile Ander Izagirrerekin. Azkenik, "80 Amandre" helduentzako ipuin kontaketa saioa antolatu dute hilaren 28an Udal Parekidetasun Sailarekin lankidetzan.

Udal Parekidetasun Sailak, gainera, "Hiru kortse, azukre asko eta Brandy gehiegi" antzerki emanaldia antolatu du azaroaren 19rako. Antzezlan gehiago, Gipuzkoako Jubilatu eta pentsiodunen elkartearen eskutik; Antzerki Topaketak antolatu dituzte azaroaren 21ean eta 22an Sutegin.

Hitzorduokin batera, Hitz Aho Udarregi ikastolako guraso elkarteak "Gatazka, ataska edo aska?" helduentzako ikuskizuna antolatu du azaroaren 8an.

Mundualdia, sorterrien topagune
Ziklo gehiago; NOAUA! Kultur Elkarteak abiatzear duen Kulturaldia, bost ekintzekin. Hasteko, igandean, azaroaren 5ean hitzordu bikoitza; goiz partean, sarrerak agortuak dituen Pirritx, Porrotx eta Marimototsen 35. urtemugako ikuskizuna, eta arratsalde partean, Fermin Muguruzaren "Bidasoa 2018-2023" dokumentala. Azaroko bigarren astebururako; "Gari & Maldanbera" kontzertuan, "Kanpora Sartzen" antzezlana eta Ixabel Agirresaroberen ""Usurbil borobil errioan dabil" kontakizuna eta hari buruzko tertulia.

Ekintza gehiago hilabete hasiera honetarako; gaurko Aitzaga elkartearen Artisau Azokaren ondotik, Kultur Asteburua Txokoalden, Erroizpe elkartekoen eskutik. Hilaren 3an bertso-afaria eta biharamunean toka nahiz mus txapelketak, jan-edanarekin eta musikarekin girotua. Arratsalde horretan, Usurbilgo frontoian, Usurbilgo sorterrien topagunea; Mundualdia. Jatorri anitzetako herrikideek sukaldaturiko jaki goxoak dastatu eta "Ndank-Ndank" Senegaleko taldearekin dantzatu ahalko dugu. Horrez gain, Usurbil Harrera Herri proiektua aurkeztuko dute. Harreraz ari garela, ostegun honetan bertan, aurten udalerri honetara bizitzera etorritakoei ongi etorria egingo die alkateak udalbatza aretoan.

Zuberoako ikastolek 50 urte
Hileroko hitzorduei dagokienean, azaroa amaieran Sarek mobilizazioa deituko du eta biharamunean, kantu-jirakoen txanda izango da. Baina saio berezia izango da azaroaren 25ekoa. Zuberoako ikastolen mende erdia ospatuko da Usurbilen. Hala, Zuberoako ordezkariei harrera egingo zaie  lehenbizi Udarregi ikastolan eta gero Kantu Taldekoen birara batuko dira. Arratsaldean Sutegin, musika, dantza eta kantua uztartuko dituen emanaldi berezia usurbildarren eta xiberotarren eskutik.

Egunez egun, azaroan Usurbilen izango dugun ekitaldi eskaintzaren berri web orrialde honetako "Agenda" atalean nahiz usurbilkultura.eus plataforman jaso ahalko duzue.