Salaketa eta babes argazkia izan da Artisau Azoka egun honetan, Mikel Laboa plazan atera berri dutuna. Herri argazki jendetsua atera dute azaroaren lehen egun honetan frontoi atzean, euskara jasaten ari den azkenaldiko oldarraldia salatu eta Euskalgintzaren Kontseiluak larunbaterako, azaroaren 4rako Bilbon (17:00etan Euskaldunatik) antolatu duen manifestazioarekin bat egiteko.
Antolatzaileek azken egunotan egindako agerraldi bidez hiru arrazoi nabarmendu dituzte larunbatean Bilboko mobilizazioan parte hartzeko: botere judizialaren eskuhartzeak salatzeko, euskararen normalizazioan aurrera egiteko eta, azkenik, herritarron eskubideak erdigunean jartzeko.
Deitzaileek aurreratu dutenez, "ibilbidean osoan zehar hainbat kantujiratako taldek giroa animatuko dute eta jendeari indarrez kantu egitera gonbidatuko zaio".
Mobilizazio amaierako ekitaldiaren nondik norakoen berri ere eman dute antolatzaileek. "Manifestazioa Bilboko Udaletxera heltzen delarik, musikari ezagun batek kantu euskaltzale bat eskainiko du. Jarraian, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi den Idurre Eskisabelek hitzartzea egingo du, eta ondoren, Iruñeko Duguna dantza taldeak gidatuta soka-dantza dantzatuko da, Ihitz Iriartek Sustrai Colinak idatziriko bertsoak kantatu bitartean eta Arkaitz Minerrek, Lorea Intxaurrandietak, Mikel Urbeltzek eta Ander Blaskok kantua musikaz laguntzen dutelarik. Soka-dantzaren bitartez, euskararen komunitatearen talde-lana irudikatuko da, euskal gizartearen historian une berezi eta erabakigarrietan baliatu izan baita, eta manifestaziora etorriko den orori dantzan parte hartzeko gonbita lutzatzen zaio. Dantzan.eus atariak tutoriala igo du bere webgunera bideo formatuan. Azkenik, ekitaldia bukatzeko denen artean belaunaldiz belaunaldi abestu den Kontrapas kantuaren kantaldia egingo da".
Oldarraldiaren aurrean. Euskararekin bat. Euskaraz bat.
Euskalgintzaren Kontseilua osatzen dugun erakundeok kezkaz bizi dugu azkenaldian euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententzia sorta. Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gainera, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat, funtsean.
2023ko martxoaren 24an Kontseiluak bere urteko Batzar Orokorrean adierazpen publikoa onartu genuen, euskararen biziberritzearen aurkako olatu erreakzionarioari aurre egiteko itun politiko eta sozial sendo baten aldeko deia egin genuen. Izan ere, euskararen biziberritze prozesuaz harago milaka herritarren bizitzen bizigarritasuna baitago auzitan, eta harekin batera berdintasuna, justizia eta kohesio soziala. Funtsean, bizikidetza.
Horrela, maiatzaren 10ean Bilbon, EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, agerraldi jendetsua egin genuen euskal gizarteko askotariko norbanako ezagunek eta gizarte eragileetako ordezkariek. Bertan, azaroaren 4an Bilbon euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldia salatzeko manifestaziorako deia egin genuen.
Uztailaren 13an, aldiz, Espainiako Konstituzio Auzitegiak EAEko Udal Legearen aurka emandako sententzia salatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 80 alkate eta ehundik gora udal ordezkari elkartu genituen Bilbon, euskalgintzak deitutako agerraldian.
Irailaren 26an aurkeztu ziren azaroaren 4ko manifestazioaren xehetasunak: 17:00etan Euskaldunatik abiatuko da, Bilboko udaletxeraino, «Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat» lelopean.
Informazio gehiago, kontseilua.eus atarian.