27. Artisau Azoka

Aurpegi, eskaintza eta txoko berriak aurtengo azokan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 1a, 15:19

Euria tarteko, frontoian eta Askatasuna plazako aterpean egin dute, aurpegi eta produktu berriak erakarri dituen 27. Artisau Azoka.

Aire berria, aire freskoa ekarri digu aurtengo 27. Artisau Azokak. Aurpegi berriak eta eskaintzan ere nobedadeak aurkitu ditugu euritan hasi eta eguzki izpi artean amaitu den Aitzaga elkarteak antolaturiko ekimenaren aurtengo edizioak.

Liburuak, arropa, egurrarekin sortutako lanak, ukenduak, bitxigintza postuak, gozogintzakoak.. Nork bere burua apaindu, elikatu edota zainketarako hamaika produktu, herriko bi guneetan banatuta. Iaz, gogoan izan, estreinakoz, frontoitik hasi eta Dema plazaraino luzatu zuen Aitzaga elkarteak 26. Artisau Azoka. Aurtengoan, euritsu esnatu zaigu azaroaren lehen egun honetan bi aterpe hautatu ditu antolakuntzak postuak kokatzeko; bat, ohikoa, frontoia; bigarrena, Askatasuna plazako gune estalia.

Eremu batean zein bestean ibili dira herrikide eta bisitariak. Eguerdian barneratu ahala joan etorriak ugaritu eta mugimendu gehiago sumatu dugu aipatu bi toki horien bueltan. Goizeko 11:00etan hasi eta hiru bat orduko tartean, asko izan dira osteratxoa egin, zeuden postuak bisitatu eta erosketak egin dituztenak.