27. Artisau Azoka

Bestelako produktuekin batera, jaki goxoez hornitu dute azoka herrikideek

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 1a, 15:08

Aitzaga elkarteak gaurkoan antolaturiko 27. Artisau Azokako hamarnaka postuen artean hainbat herrikide aurkitu ditugu.

Gaurko Artisau Azokari usain ezin ederragoa zerion eta hori hein handi batean lanean jo eta su jardun duten herrikideei esker izan da. Aitzaga elkarteak antolaturiko 27. Artisau Azokako postuen artean aurkitu ditugu, urtero hutsik egiten ez dutenak, auzolanean. Batetik, frontoiko sarreran gaztaingileen taldea. Askatasuna plazako aterpean, bestalde, bi belaunaldi hamaiketako eta postre goxoak zerbitzatzen; batetik, talogileak unean bertan eskuz egindakoak sukaldatu eta bertaratu direnak sabela pozten. Haien alboan ziren, Udarregi ikastolako DBH4. mailako ikasleak, haiek prestaturiko gozogintzako produktuak saltzen. Bertan jasotako dirulaguntza ikasturte amaierako bidaiara bideratuko dute.

Azokako antolatzaileek ere, Aitzaga elkarteak berak postua izan du; hamaiketako goxoa zerbitzatzen aritu dira. Herrigintzan aritzen diren aurpegi ezagun gehiago ere aurkitu ditugu frontoiko postuen artean.