Denboralea

Azken orduotako haize boladek begi bistako kalteak eragin dituzte

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 2a, 10:51

Azken orduotako haize bolada bortitzek hainbat kalte eragin dituzte.

Udazken giro betean sartu gaituen lehen denboralea gain-gainean dugu. Haize bolada bortitzak izan ditugu asteazken gau honetan. Osteguna esnatzerako begi bistakoak ziren kalteak. Zuhaitz adaxkak, hostoak nonahi bai herri barruko kale eta zelaietan, baita herri nahiz auzoetara joateko bideetan edota N634 errepidean ere. 

Are ikusgarriagoak izan den kalterik ere izan da, Atxegalde inguruan bereziki. Alperroburu 2 eraikinaren ondoko zuhaitz "historiko" bat literalki hautsi eta etzanarazi du haizeak. Zoritxarrez, albiste honi atxikia duzuen eta helarazi diguten ondoko argazkian ikus dezakezuen moduan, hiru ibilgailu harrapatu ditu bere adar artean. Goizeko lehen orduan ebaki eta alboratu behar izan dituzte enbor zatiak eta adarrak. Bilutsik utzi du duela urte batzuetatik zuhaitz horren babesean zen aulkia, besteak beste, gaztetxoen egonleku edo topagune zen eremua "aterperik" gabe utzi dute azken orduotako haize boladek.

Pasa den gau honetan bizi izandakoaren adibide bat baino ez da izan. Handik hurbil, Udarregi ikastolak Agerialden duen eraikin pareko frontoiak ere ederki sufritu behar izan ditu haize bolada bortitz hauek. Agerialdeko frontoi eraberrituko bi xafla bota ditu haizeak.

Aipatu moduan, haizeak azken orduotan inguruotan eragindako kalteen bi adibide baino ez dira irudiotan bildu ditugunak.