Denboralea

Haizeagatik alertan segiko dugu

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 2a, 10:12

Alerta laranjan izan gara bart, ostegun gau honetan berriz ere hala egongo gara. Haize bolada bortitzak izan ditzakegu datozen orduotan. 

Asteazken gau honetakoa hasiera baino ez izan. Egun haizetsu eta euritsuak datozkigula ohartarazi du Euskalmet meteorologia agentziak. Segidan dituzue egunotan aktibatuko diren abisu hori eta alerta laranjak. 

Azaroak 2, osteguna
Abisu horia:
12:00-00:00 Haizeguneetan: egun osoz 100 kilometro ordutik gorako boladak izan ditzakegu.
21:00-00:00 Haizeguneak ez diren tokietan: 60-80 kilometro ordukoak.

Azaroak 3, ostirala
00:00-06:00 Alerta laranja haizeguneetan: 120 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu.
00:00-06:00 Abisu horia haizeguneak ez diren tokietan: 90-100 kilometro orduko haize boladak izan daitezke.
06:00-15:00 Haizea haizeguneetan: 100 kilometro ordutik gorako haize boladak haizeguneetan, 60-80 kilometro ordukoak haizeguneak ez diren tokietan.

Azaroak 4, larunbata
06:00-12:00 Haizeguneetan alerta laranja: 120 kilometro ordutik gorako haize boladak izan ditzakegu.
06:00-12:00 Abisu horia haizeguneak ez diren tokietan: 90 kilometrotik gorako haize boladak izan ditzakegu.
03:00-06:00 Abisu horia haizeguneetan: 100 kilometrotik gorako haize boladak izan ditzakegu.
18:00-00:00 Abisu horia haizeguneetan: 100 kilometrotik gorako haize boladak izan ditzakegu.


Iragarpena
Giro honetan, gaur (azaroak 2) Usurbilen, "zerua oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina edo zaparradak botako ditu. Baliteke trumoi-ekaitzak izatea, txingorra botatzea eta zaparrada handiak egitea. Mendebal-osagaiko haize bizi-gogorra ibiliko da goizaldean, orduan hego-mendebala nagusituko da, bolada oso gogorrekin; goizean ahuldu egingo da, baina arratsalde-gau partean berriro ere zakartu daiteke. Tenperatura minimoak gutxi edo nahikoa jaitsiko dira; egunaren amaieran emango dira. Tenperatura maximoetan aldaketarik ez".

Bihar (hilak 3), "Zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da. Euri txiki-ertaina egingo du, sarri eta ugari. Trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake. Hego-mendebaldeko haize bizi-gogorra ibiliko da goizaldean bolada oso gogorrekin; goizean mendebaldera aldatuko da, tarte gogorrekin eta bolada oso gogorrekin. Arratsaldean haizeak indarra galduko du. Tenperatura minimoetan aldaketarik ez edo gutxi jaitsiko dira. Tenperatura maximoak nabarmen jaitsiko dira".

Larunbatean, "zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da, egunaren amaieran ostarteak zabalduko dira. Euri txikia egingo du, noizean behin ertaina; euria egiteko probabilitatea txikiagoa izango da gauean. Hego-mendebaldeko haize bizi-gogorra ibiliko da, bolada oso gogorrekin, bereziki egunaren lehen partean. Tenperatura igo egingo da: gutxi edo nahikoa minimoak eta nabarmen maximoak".

Informazio eguneratua euskalmet.eus atarian jasoko duzue.

Gomendioak
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak alerta laranja aktibatzen den kasuetan egin ohi duen moduan, gomendiook plazaratu ditu:
-Ondo itxi eta segurtatu ateak, leihoak eta toldoak.
-Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen objektu guztiak.
-Urrundu erlaitzetatik, hormetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontuz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen ondoan.
-Errepidean erne ibili.