"Oldarraldia Udarregira iritsi da"
Gau beltza edo Halloween festak sorpresa utzi digu Udarregin. Ostegun goizean, egun bateko atsedenaren ondoren itzultzean, arrautzak bota dizkigutela ikusi dugu. Festa “yankiaren” parte dela badakigu eta halakoak umorez hartu beharko ditugula, zabaltzera doan ohitura dela ikusten baitugu. Baina ez zaigu inongo kasualitatea iruditu bota dituzten arrautza guztiak nora zuzenduta joan diren… datorren larunbateko manifestaldiko kartelaren gainera joan dira.
Ez zaigu kasualitatea iruditu arrautzak nora bideratuta joan diren. Tristea da gure herrikideek (agian gure ikasleek edo ikasle izanek) euskararekiko eta honen babesarekiko halako ikuspegia izatea. Beraz, mezu hau zuretzat: Euskarak ez dizu zuri kalterik eragingo, ez dago zure aurka!
Herrian euskararekiko hartzen ari den jarrerak kezkatzen gaitu, ez arrautzak botatzeak. Baina barrabaskeria horrek beste pertsona bati emango dion lanaren berri izanda, garbitzen laguntzera etortzeko gonbita luzatzen dizugu. Arrautza botaka ibiltzeko balentria izan duzun horrek garbitzera etortzeko balentria izan dezazula.
Udarregi ikastolako irakasle talde bat