Belaunaldiarteko etxebizitza komunitario barneko bizikidetza arautuko duen erregelamendua hasieraz eta aho batez onartu zuen udalbatzak iragan urriaren 26ko osoko bilkuran. Erabaki hau orain jendaurrean izango da, azaroaren 3az geroztik 30 eguneko epean. Hala jakinarazi zuen Usurbilgo Udalak azaroaren 2ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaraturiko iragarkian.
Proposatzeko eskumena
Urte hasieran, Udalak etxebizitza hauek esleitzeko onarturiko ordenantzari erantsiko diote araudi hau, aparteko bigarren araudi bat sortu beharrean. Besteak beste, hilero egin beharreko ordu komunitarioen kopurua zehaztuko du ordenantzak baita bizikidetza arauak eta arau hauste motak; arinak, larriak edota oso larriak. Araudi honetako baldintzak ez betetzeak "Udala eta errentariaren arteko kontratua bertan behera uztea ekar dezake". Kasuotan, Txirikordako Komunitateak araudia bete ez duenaren "Irteera Protokoloa martxa jartzea" proposatu ahalko du. Udala izango da, aldiz, kontratua etetea erabakitzeko eskumena izango duena.
Araudi honek Txirikordan osatuko duen bizilagunen asanbladaren eta Usurbilgo Udalaren beraren funtzioak ere definituko ditu. Asanblada osatzen laguntzeko, "Udalak bidelagun bat jarriko du" eta berak "talde dinamikak sustatuko ditu biztanleak bizitza komunitarioak ahalduntze bidean", hori bai, "beti ere bizilagunek autoeratzeko duten eskubide eta betebeharrari kalterik egin gabe". Gogoan izan, bestalde. elkarbizitzen jarriko diren 18-30 urte arteko eta 65 urtetik gorakoen arteko bizilagunok Txirikordara sartu aurretik formazio saioak jasoko dituzte.
Herriarekin partekaturiko eremua
Ezinbesteko urrats gisa jo du udal gobernu taldeak onarpen hau, jada esleituak diren etxebizitzetako bizikideekin kontratuen tramitazioari ekiten hasteko. Horrez gain, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioak izango duen zonalde komunitarioa izango du eta anitza izango den haren erabilera ere arautuko du ordenantza horrek; besteak beste, herriari irekia eta Txirikordako bizilagunek Usurbilekin partekatuko dituen proiektuen lanketarako eremua izango dena. "Udalak berak eta herriko elkarteek eta eragileek izango dute eraikineko erdi-sotoan dagoen erabilera anitzeko espazioa erabiltzeko eskubidea. Honenbestez, Txirikordako komunitateak espazio honen erabilera publikoa bermatu beharko du", dio hasieraz onarturiko araudiak.
Bermearen itzulera
Txirikordatik metro batzuk bidean gorago, urte luzez Haur Eskolaren eraikin berean egon den Puntapax Eguneko Zentroa ere hizpideetako bat izan zuten iragan asteko osoko bilkuran. Orain arte, egoitza hau kudeatu duen GSR enpresari berak aipatu gunearen erabilera eta kudeaketa zerbitzua emateko kontraturako jarritako 70.306,14 euroko bermea itzultzea aho batez onartu zuen udalbatzak azken osoko bilkuran. Udalarekin zuen kontratua otsailean amaitu zen eta ez zen luzatu. Gogoan izan, aurrerantzean, Matia bidez eskainiko da zerbitzu hau Egurtzegin, Kalezarren kokaturiko zaintzadun etxebizitzen auzune berrian.