Azaroaren 30eko greba feminista orokorrari begirako asanblada mistoa gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 3a, 07:42

Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eskubide kolektiboaren alde azaroaren 30erako antolatu duen greba feminista orokorrari begira, Usurbilgo batzordeak bilera informatibo mistoa deitu du azaroaren 3rako. 

Zaintza eskubide kolektiboaren alde Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitua duen greba feminista orokorrari begira, herrian udaberrian hasi zen egun honen lanketan herri batzordea Potxoenean, Kafe Tertulia Usurbilgo neska* gazteen talde feministak iragarrita. Batzorde honetatik informazio bilera mistoa iragarri dute ostiralerako, azaroaren 3rako, arratsaldeko 18:00etan Potxoenean. "Bertan dugu azaroaren 30a, Greba Feminista Orokorra! Ostiral honetan, asanblada mistoa egingo dugu Potxoenean! Bilera informatiboa izango da: zertara goaz? Zer egingo da Usurbilen?". Hortxe mintzagai izango dituzten kontuak. 

"Zaintza sistema publiko duin bat lortzeko urratsak ematera goaz!"
Azaroaren 30eko greba feminista orokorra deitzearekin batera abiarazi zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesua. Bere bidez, "jauzi politikoa eman nahi dugu; bizitza duinez hitz egiten ari gara, nork, nola eta zergatik zaintzen duen eztabaidaren erdigunera ekarriz. Zaintza lanak aitortzearen eta banatzearen ezinbestekotasuna adierazi nahi dugu". 

Gai honi dagokionean, egun bizi dugun egoera salatu dute. "Baina, lan hori ikusezin mantentzeko interesa dute batzuek: lan horiek soldatapetik zein lan erregimen orokorretik kanpo utziz, negozioa egiten baitute. Zaintza lanak geroz eta gehiago emakume migratu eta arrazializatuen gain jartzen dira, baldintza eta esplotazio egoera muturrekoetan. Instituzio ezberdinak eta zaintza lanekin negozioa egiten ari diren enpresak bizi dugun egoeraren erantzuleak izanik, pribatizazioarekin eta zaintza lanen merkantilizazioarekin behingoz amaitzea exijitzen dugu. Zaintza sistema publiko duin bat lortzeko urratsak ematera goaz!".

Horregatik, "bizitza duinak eraikitzeko, bizitzak zaintzea ezinbestekoa da". Zaintza eskubide kolektibo honen aldekoa da azaroaren 30erako deitu duten greba feminista orokorra, "pertsona guztiok bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz zaintzeko eta zainduak izateko eskubidea aldarrikatzeko". 

Gizonezkoei ere deia egin diete. "Gizonak ere ezin aipatu gabe utzi, haiei ere dagokien ardura hartzeko exijitzen diegu eta prozesu honetara batu daitezen: Greba Feminista OROKORRA izango da azaroaren 30ekoa, Mugimendu Feminista, eragile sozio-sindikalak zein euskal herritar oro kalera batera aterako gara".