Azaroaren 3tik 18ra

Gure Zirkuaren bira amaierako lehen emanaldiak asteburuan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 3a, 10:28

Gure Zirkuak hilabeteotako bira Usurbilen amaituko du, ostiral honetan hasi eta hilaren 18ra arte eskainiko dituen hamabi saioekin.

Gure Zirkua prest da bere seigarren bira Usurbilen agurtzeko. Azken hamabi saioak Urbil pareko aparkalekuan eskainiko dituzte. Egunotako muntaketa lanen ondotik, ostiral honetan izango da lehen saioa. Asteburuan beste hiru emanaldi eskainiko dituzte; bi larunbatean eta hirugarrena igandean. Baina bi saioetarako sarrerak agortu direla ohartarazi dute Gure Zirkuko antolatzaileek. Gainerako emanaldietarako arrerak gurezirkua.eus atarian eskura ditzakezue.

Egun eta orduotarako programatu dituzte ikuskizunok:
-Azaroak 3, ostirala: 19:00.
-Azaroak 4, larunbata: 16:30 (sarrerak agortuak)/19:00.
-Azaroak 5, igandea: 17:00 (sarrerak agortuak).
-Azaroak 10, ostirala: 19:00.
-Azaroak 11, larunbata: 16:30/19:00.
-Azaroak 12, igandea: 12:00/17:00.
-Azaroak 17, ostirala: 19:00.
-Azaroak 18, larunbata: 16:30/19:00.

Gure Zirkua
Harrera jendetsua izan ohi du, Gure Zirkuak bisitatu dituen Euskal Herriko txokoetan. "Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietarako herritarrekin", hala aurkeztu digute Gure Zirkua bere sustatzaileek.

Iragarria dutenez, "Gure Zirkuan sinetsi ezin dena gozatuko dugu; eta karpa barruko giroa osatuko duten orekarekin, indarrarekin, arriskuarekin, trebetasunarekin eta pozarekin harrituko gara".

Sarrerak eta informazio gehiago, gurezirkua.eus atarian.