Elkar ezagutu, hartuemanak sendotu... Sorterri guztietako herrikideen topagunea izan ohi da Mundualdia. Aurtengo edizioa, larunbaterako, azaroaren 4rako iragarri dute. Urtero, jatorri aniztasuna jaialdian bilakatzen duten hitzordu honetan eskuartean duten egitasmoren bat aurkezten dute. Oraingo honetan, harrera herri izateko Usurbil jorratzen ari den prozesuaren nondik norakoen berri emango dute azaroko lehen larunbatean.
"Aniztasun Kontseiluan hala adostuta, udalak bi urrats nagusi egin ditu azken hilabeteetan. Batetik, harrera zerbitzua jarri du martxan: etorri berriek herria eta eskura dituzten baliabideak ezagutzeko hitzordua eska dezakete Usurbilgo Aniztasun teknikariarekin. Ekainetik dago martxan, eta 20 lagun inguruk eskatu dute hitzordua. Oraingoz, udalean eskatu behar da zerbitzua: Emakumeen Etxea irekitzen denean, han eskainiko da", azaldu du Usurbilgo Udalak.
Horrez gain, "herriko baliabideen gida berritu du: etorri berriei herriko eskaintza ezagutarazteko tresna da. Liburuxka horren bidez, era askotako informazioa eskuratuko dute. Batetik, udaleko zerbitzuen ingurukoa: errolda, harrera zerbitzua, gizarte zerbitzuak, euskara ikasteko aukerak, etxebizitza, enplegua, kirola, udal baratzeak, hondakinak, Emakumeon Etxea... Bestetik, osasun zerbitzuak, hezkuntza eskaintza, eskolaz kanpoko jarduerak, kultura eta aisialdia, kirola eta garraio publikoari lotutakoak ere aurkituko dituzte. Horrez gain, herriko elkarte, eragile eta taldeen berri ere ematen da, baita urteko festa eta ospakizunen berri ere. Lau hizkuntzatan argitaratuko da: euskara-gaztelania, euskara-ingelesa, euskara-frantsesa eta euskara arabiera. Baliabideen gida ez ezik, hiztegitxo bat ere landu dute, euskaldunak ez diren etorri berriei euskarazko oinarrizko esapideak ezagutzeko balioko diena: sei hizkuntzatan egin dute".
Mundualdia
Azaroak 4, larunbata
11:00-12:30 Zirimara familian: familien arteko jolasak frontoi inguruan. Zirimarakoekin batera lankidetzan jardun dute Gaztelekukoek eta aisialdiko begirale izateko ikastaroa egiten ari direnek.
18:00 Usurbil harrera herri izateko proiektuaren aurkezpena frontoian.
Segidan, sorterri ezberdinetako herrikideen jakien dastatzea.
Gero, Senegalgo Ndank-Ndank taldearen musika eta dantza ikuskizuna.
Antolatzaileak: Usurbilgo Udala, Aniztasun Kontseilua.