Mundualdia

Herrian ditugun askotariko sorterrietako zaporeak gogotsu dastatu dituzte

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 4a, 20:47

Usurbilgo herrikideen sorterrietako jakien dastaketa arrakastatsua ospatu dute gaurko Mundualdiaren baitan.

Pakistan, Galiza, Mauritania, Nigeria, Nikaragua, Sahara, Venezuela, Kuba... Herrialde hauetan guztietan barneratzeko aukera izan da. Batetik bestera ibiltzekoa, atzera berriz lehendik bisitaturiko herrialdera itzultzekoa. Guztia, metro karratu gutxiko eremuan, Usurbilgo frontoitik irten gabe. Zapore eder askoak gidari izan dituen bidaian murgiltzeko aukera izan dute larunbat arratsalde honetan frontoira joandakoek. 

Mundualdi betean zen gunea. Sorterri ezberdinetako herrikideek mimo handiz prestaturiko haien jakiak dastagai jarri dizkigute. Ohi bezala, gastronomiaren bidez, hartueman ederra sortu da herrikideen artean, jaioterria edozein dela ere bateko zein besteko herrikideak ezagutu eta harremanak sendotzea sustatzen duen gaurko jaialdian.

Bapo jan dute eta edan dute bertara joandakoek. Eremua ireki aurretik, ilara luzea sortu da, denak ere dastatzear zituzten jakietara heltzeko irrikitan. Barneraturikoa, ordea, jaki hutsa baino askoz gehiago izan da. Herrian bertan ditugun kultura, errealitate, bizipen, ohitura, hizkuntza... askotarikoak jaso ditugu munduko jakion bidez. Usurbilen baitan dauden askotariko Usurbil horiek azaleratu ditu Mundualdiak.