Hilabete baino gutxiago falta da Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30erako deitua duen greba feminista orokorrerako. Antolatzaileak atzera kontaketa betean garela ohartarazten ari diren honetan egin da ostiral honetan Potxoenean, egun horri begirako herri bilera jendetsua.
Deialdi honen nondik norakoak azaltzeaz gain, taldeka greba hau nola irudikatu, baliabideez edota deialdi honen sozializazioaz ekarpenak biltzen aritu ziren iragan ostiraleko Potxoeneako bileran. Grebara begira, zehazte bidean dituzten zenbait ekimen antolatzekotan dira. Hurrengo asteotan emango dute horren guztiaren berri.
Bizitza erdigunean
Azaroaren 30eko greba eguna, lanuzteko eguna izango da, orokorra eta feminista. Ezaugarrioi buruzko azalpenak eskaini zituzten Potxoeneko hitzorduan. Egun horretan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak herri eragile gehiagorekin azken bi urteotan eginiko lanketa prozesua azaleratu nahi du. Prozesu horren ispilu da urria hasieran Hernanin aurkeztu zuten Herri Akordioa. Ildo horretan, eragile ezberdinen arteko saretze bidean sakondu nahi dute eta greba mugarri garrantzitsua izango da, izaera orokorrekoa.
Lanuzte orokorrerako deia egingo da hilaren 30ean nahiz eta aipatu bilkuran nabarmendu zuten moduan, egun horretan denek ez duten izango greba eskubidea bermatua. Hain zuzen, zaintza lanez arduratzen direnek ezingo dute haien jarduna eten. Horregatik, greba egun honen indarra baliatu nahi dute zaintza lanak nortzuk eta zer baldintzetan egiten dituzten ikusarazteko. Zereginotan dihardutenen lan baldintzak eta, orohar, bizitza bera erdigunean jarri eta duindu nahi dute. "Grebaren muina, sistema publiko komunitarioaren lehen harriak finkatzea izango da. Sistema duina aldarrikatzea".
Feminismotik
Grebak, gainera, izaera feminista izango du, egungo sistema heteropatriarkal edota koloniala salatuko du. Zaintza lanen pribatizazioaren arduradunak seinalatu nahi dituzte eta zaintzaileek aliatu behar dituzten sindikatuen eta gainerako eragileen borroka hau bereganatzeko baliatu nahi dute greba eguna. Ildo horretan, lanuzte orokorra iragarri du mugimendu feministak azaroaren 30ean, zaintza eskubide kolektiboak denoi eragiten baitigu. "Denon ardura izango da prozesu horretan parte hartzea", nabarmendu zuten iragan ostiraleko bilerako deitzaileek. Argi dute, prozesuaren lidergoa mugimendu feministarena izango da, "feminismotik eraiki nahi dugu" ziotenez, lerrootan mintzagai dugun eskubide kolektiboa.
Orain arteko lanketa esparru ez mistotik mistora igarotzea erabaki dute, etenik gabe aliantzen sarea zabaltzeko bidean. Aurrera begirakoa, beraz, "prozesu mistoa izango da". Berau kudeatzerakoan, iragan asteko bileran azaldu zuten moduan, zapaldu eta zapaltzaileak prozesu berean elkartzea eragingo duenez, ezinbestekoa izango da etengabe prozesua bera errebisatzea, baita nork bere prozesuaz hausnartzea ere.
Herri akordioa
Aipatu moduan, azaroaren 30eko grebaren atarian zaintza eskubide kolektiboaren bueltako Herri Akordioa aurkeztu zuten duela hilabete, horren alde lanean aritu diren herri eragileek, zaintza lanen "egungo antolamendu soziala" eraldatzeko. "Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko apustua egin nahi dugu; hau da, pertsona guztiek, bizi osoan zehar, askatasunez eta konpromisoz, zaintza eskaintzeko eta jasotzeko duten eskubidearen alde egin nahi dugu". Bi esparrutan lan egin asmo dute. Epe motzera begira, egun dauden premia urgenteei erantzun nahi diete, "hau da, egun, prekarioen eta kolapsatuen dauden egoerei aurre egitea. Bestetik, epe luzera begiratzea eta bizitza erdigunean jarriko duen sistema sozial bat imajinatzea eta definitzea, sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala gaindituko dituena".