Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Ziortzak girotu du ikuskizunaren amaiera

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 5a, 17:55

Dantzan, antolaketa lanetan... ohi bezala dena eman dute gaurkoan Ziortzako kideek. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanaldia urtean zehar egiten duten lana eskertu eta omentzeko baliatu dute.

"Urteak bete, abenturak bizi!" ikuskizuna eskaini dute Pirritx, Porrotx eta Marimototsek igande goiz honetan Oiardo kiroldegian. 400 lagun bildu dituen NOAUA! Kultur Elkarteak eta Usurbilgo Udalak antolaturiko hitzorduan, taldearen 35. urtemuga festa ospatu dute eta urteotan bidelagun izan dituzten hainbat batu zaizkie oholtza gaineko jaialdira.

Hala zuten iragarria: “35 urte beteko ditugu pailazo taldeak eta horren ospakizuna izango da saioa. Sudurgorrion bizitzan lagun egin ditugun hainbat etorriko dira bisitan ospakizunean parte hartzera. Kantua, dantza eta denon parte-hartzea ez da faltako, ezta tarta erraldoia ere... Urteak betetzea garrantzitsua bada, are gehiago abenturak bizitzea!... Eta hori izango da gure ospakizuna, beste abentura bat bizitzea!”.

Abentura horretara batu dira dantza betean baita Ziortza aisialdi taldeko kideak ere. Haiek girotu dute ikuskizunaren amaiera. Pirritx, Porrotx eta Marimototsek eskertu eta gorazarre egin dio taldeak egin ohi duen lanari. NOAUA! Kultur Elkartetik eskertza horretara batu nahi dugu, ikuskizuna girotzeko prestasun osoa agertzeaz gain, emanaldiaren antolaketa lanetan egin duten ahaleginagatik ere. Milesker Ziortza!