Pirritx, Porrotx eta Marimotots

Mende erdia bete duten Zuberoako ikastolak zoriondu dituzte

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 5a, 17:58

Mende erdia bete duten Zuberoako ikastolak zoriondu dituzte igande goiz honetan, Pirritx, Porrotx, Marimotots eta gainerako lagunek Oiardo kiroldegiko 35. urtemuga festan.

Urtemugen emanaldia izan da aurten Pirritx, Porrotx eta Marimototsek igande goiz honetan, azaroaren 5ean Oiardo kiroldegian eskaini dutena. Taldeak bete dituen 35 urteei lotutakoa izan da "Urteak bete, abenturak bizi!" ikuskizuna. Emanaldian zehar, ordea, urtemuga gehiago omendu dira; Zuberoako ikastolena hain zuzen. 50 urte bete dituzte. Aspaldidanikoa da Usurbilek herrialde horretako ikastolen komunitatearekin duen hartuemana. Hainbat egitasmoetan parte hartutakoak dira hainbat herritar. Haietako bat, Lontxo Zubiria igo da oholtza gainera emanaldiaren amaieran, Zuberoako ikastolak laguntzeko urte garai honetan abiarazten duten Ikaskoli proiektuko kaxa bat eskuartean zuela. Kanpaina honek 20 urte bete ditu aurten.

Aipatu bi hamarkada hauek eta Zuberoako ikastolen 50 urteak ospatzeko modu ezinhobea hautatu dute Kiroldegira joandakoek. "Zorionak zuri!" abestu diete Zuberoako ikastolei denek batera.

Kanpaina eta jaialdia
Xiberotarren eta usurbildarren joan etorriko urteetako hartueman horren harira, azaroaren 25ean Usurbilen 50. urtemuga hau ospatzeko jaialdia iragarri dute. Horrekin batera, urtero garai honetan egiten duten moduan, Zuberoako ikastolak laguntzeko abian da Ikaskoli egitasmoa. Hango tokiko produktu goxoez hornituriko otarren salmenta kanpaina ezagunaz ari gara, bertako ikastolak laguntzea xede duena, hango ekoizpena ezagutzera ematearekin batera. Eskaerak jada ikaskoli.eus webgunearen bidez egin ditzakezue edota baita NOAUA! Kultur Elkartera joanda edo hara deituta (943 360 321), azaroaren 26ra arte. Pirritx, Porrotx eta Marimototsen gaurko ikuskizunean egitasmo honekin bat egiteko deia egin dute, Xiberoko ikastolei gorazarre egitearekin batera.

Ikaskoli

3 otar aukeran
Pettara
Prezioa: 50 euro.
Produktuak: ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx sukratuak eta pastak.

Arbaila
Prezia: 57 euro.
Produktuak: Eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi ardi gazta, bixkotx gatzatuak, erreximenta, pastak eta tisana.

Basabürüa
Prezioa: 68 euro.
Produktuak: Xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazta kiloa, xahalki axoa, lukainka idorra eta pastak.

Eskaerak: azaroaren 27ra arte, NOAUA! Kultur Elkartean edo ikaskoli.eus atarian.
Informazio gehiagorako: ikaskoli.eus



Zuberoako ikastolek 50 urte: Usurbilen ere ospatzen
Azaroak 25, larunbata:
11:30
Udarregi Ikastolan ONGI ETORRIA eta harrera Zuberoako ordezkariei.
12:00 Kale-jira herrian zehar Kantu-jirakoekin, Mikel Laboa plazatik abiatuta.
"Usurbilgo kaleetan zehar kantuan arituko dira partaideak, kantu zaharrak berreskuratuz eta berriak tartekatuz".
18:00 Musika eta dantza eta kantu emanaldia Sutegiko auditoriumean. Partehartzaileak:
  -Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtzetaburu.
  -Herriko bertsolariak
 - Udarregi Ikastola
 - Orbeldi dantza taldea
Sarrera: 5€ (Egunean bertan edo, aurrez, Lizardi liburudendan)

Zehaztasunak: "Zuberoan ikastolarentzat 2023 hau ospakizunez betetako urtea izaten ari da: aurten betetzen ditu ikastolak bere 50 urteak. Usurbildik haiekin bereziki harremana daukagunok beraiekin ospatu nahi dugu urteurren borobil hau. Gaur egun bi ikastola dauzka Zuberoak, bata Atharratzen eta bestea Sohütan. Euskal Herriko beste askorekin batera usurbildarrok ere parte hartu genuen Sohütako ikastola berriaren sorreran eta geroztik parte hartzen dugu antolatzen dituzten ekintza eta kanpainetan: Ikastolaren saskien salmenta, Udiñarben udazkena Integrazio Batzordearen alde egiten dugun sagardotegi-afaria eta tartean sortzen diren gehiagotan".

Antolatzaileak: Nafartarrak Kultur Elkartea, Kantu Taldea eta Orbeldi dantza taldea.