Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak

"Ziur gaude konponbidea zainketa-sistema integral, publiko eta kalitatezkoa ezartzean datzala"

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 6a, 12:45

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek larunbatean Osakidetza defendatu eta osasun zerbitzu publikoen eredua aldatzeko manifestazioak deitu dituzte hiriburuetan, tartean Donostian (17:00etan Bulebarretik). Hitzordu hauei begirako manifestua kaleratu dute eta harekin nahiz mobilizazioekin bat egitera deitu dute, gaur goizean egin duten agerraldian.

Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek, Donostialdekoak tartean, manifestazio bana deitu dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan, larunbaterako, azaroak 11. Donostiakoa arratsaldeko 17:00etan abiatuko da Bulebarretik, "Defenda dezagun osasungintza publikoa. Murrizketarik ez, pribatizaziorik ere ez!" aldarripean. Gaur aurkeztu dute hitzordua, Gipuzkoako hiriburuko mobilizazioko abiapuntua izango den gunean bertan. 

Azaroaren 11ra begira, dagoeneko 70 eragileek baino gehiagok bat egin duen manifestua aurkeztu dute. Atxikimendua opaherriplataformak.eus atarian eman dezakezue. Segidan datorren manifestua irakurri ahal duzue baita webgune berean. 

Bertan, argi diote, Osakidetzak bizi duen egoera jasangaitza salatzetik konponbideak proposatzera jauzia eman nahi dute. "Osasungintza publikorako eskatzen ditugun norabide aldaketarako konponbideak mahai gainean jarri nahi genituzke", diote Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek. 

Ildo horretan, ezinbestekotzat jotzen dute eredua aldatzea. "Mugimendu feministak defendatzen duen bezala, gu ere ziur gaude konponbidea zainketa-sistema integral, publiko eta kalitatezkoa ezartzean datzala, bizitzaren etapa guztiak bermatuko dituena, eta hori guztia eragindako administrazio publikoen arteko lankidetzatik sortu behar dela".

Proposatzen duten "osasungintza-eredu berri horren sorrera aldarrikatzeko" deitu dituzte asteburuko manifestazioak. Galdegiten duten eredu aldaketaren nondik norakoak biltzen ditu manifestu honek:


Zaintza sistema publiko, duin eta kalitatezkoa bermatuko duen osasun publiko berri baten alde, administrazio publiko osoaren lankidetzatik
2023an OPA Herri Plataformak Osasun Publikoaren aldeko plataformen koordinakundekook manifestu bat kaleratu genuen, Euskal Osasun Sistema Publikoak urteetan jasan duen narriadura plazaratzeko. Euskal sindikatuen gehiengoak eta eragile sozial ugarik bat egin zuten manifestuarekin, eta gurekin batera 2023ko apirilaren 22an EAEko hiru hiriburuetan antolatu genituen manifestazio arrakastatsuetan parte hartu zuten.

Orain aurrerapauso bat ematea erabaki dugu, eta osasungintza publikorako eskatzen ditugun norabide aldaketarako konponbideak mahai gainean jarri nahi genituzke.

Mugimendu feministak defendatzen duen bezala, gu ere ziur gaude konponbidea zainketa-sistema integral, publiko eta kalitatezkoa ezartzean datzala, bizitzaren etapa guztiak bermatuko dituena, eta hori guztia eragindako administrazio publikoen arteko lankidetzatik sortu behar dela.

Uste dugu behar-beharrezkoa dela eredua aldatzea, eta ziur gaude herritarren partaidetzatik sortu behar dela.

  • Beharrezkoa da osasuna politika guztietan txertatzea eta gure bizi-baldintzak zehazten dituzten faktoreei heltzea.
  • Guztiz publikoa den osasun-sistema bat egituratu behar da, kalitatezko eta bidezko irisgarritasun unibertsala bermatuko duena.
  • Gaur egun ia existitzen ez den osasun-kudeaketako gardentasuna bermatu behar da, edonork ulertzeko moduko datuak emanez.

Kudeaketa horrek demokratikoa izan behar du, maila guztietan herritarren parte hartzea eta kontrola bermatuko duten egiturak sortuz.

Horretarako, gure ustez, ezinbestekoa da Lehen Mailako Arreta (LMA) birsortzea, osasun-asistentziako sistemaren giltzarri bihur dadin, eta ez bakarrik sarrerako ate huts. Eta horretarako:

  • Lehen Arretako lan talde berak paziente baten osasun-arazoen jarraipena egin ahal izatea (longitudinalidadea).
  • Sarbide-ekitatea bermatzea, arreta presentziala lehenetsiz.
  • Beharrezkoak diren baliabideez hornitu behar da (finantzaketa nahikoarekin, aurrekontu sanitarioaren % 25era handituta), eta lehen mailako arretaren eta arreta espezializatuaren arteko arrakala gutxituz.
  • Antolatzeko autonomia zabala ematea, eta sistema publikoa herri txikien errealitateari egokituz.
  • Eskainitako zerbitzuak handitzea, osasunean ekitatea bermatzeko: mentala, lanekoa, komunitarioa, prebentiboa, aho-hortzetakoa, fisioterapia, geriatria…

Osakidetzaren egungo egoera arduradun politikoek egindako plangintza eta kudeaketa politiko arduragabearen eta negatiboaren emaitza da.

15/97 Legeak, erakunde pribatuak osasun-laguntzan sartzea ahalbidetu zuenak, egoera hau larriagotu egin du.

Osasun publikoaren murrizketa-politikak, espezialista bat eskuratzeko itxaron-zerrendak eta ebakuntza kirurgiko bat egiteko epeak izugarri luzatzea ekarri du.

Ezin dugu inondik inora onartu zerrenda horiek murriztea zerbitzuen pribatizazioaren kontura, edozein trikimailu erabilita ere, hala nola klinika pribatuetara edo kontzertuetara desbideratuz, edo "peonaden" bitartez. Osasuna ez da merkatu-ondasun bat, eskubide unibertsal bat baizik.

  • Orain arte egin diren pribatizazio guztiak geldiaraztea eta lehengoratzea eskatzen dugu.
  • Bateraezintasun medikoa berreskuratu eta indartzea, eta baliabide publikoak hobeto aprobetxatzea aldarrikatzen dugu.
  • Era berean, mutualitateek berriki 2 osasun-sistema desberdin sortzeko erabili duten estrategia salatzen dugu, bata gainfinantzatutako konpontzailea biztanleria aktiboarentzat, eta bestea deskapitalizatua gainerako herritarrentzat.

Azkenik, baina ez horregatik garrantzia gutxiagokoa, osasun publikoan herritarren hizkuntza eskubideak erabat bermatzea ere eskatzen dugu.

Proposatzen dugun osasungintza-eredu berri horren sorrera aldarrikatzeko, OPA Herri Plataformak koordinakundeak, manifestu honekin bat egin nahi duten gizarte eragile guztiekin batera, dei egiten diegu herritarrei 2023ko azaroaren 11n, larunbata, Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren manifestazioetan parte har dezaten.

Euskal Autonomia Erkidegoan, 2023ko urrian.

Azaroaren 11n Bilbon, Donostian eta Gasteizen egingo diren manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu herritarrak.