"Aurrez aurreko hitzordua emango dizugu" azaroaren 11n. Halaxe iragarri dute astelen goiz honetan, Osakidetzaren eredu aldaketa aldarrikatu eta "gurea dena" defendatzeko Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek larunbaterako Gasteizen, Bilbon eta Donostian (17:00etan Bulebarretik) deitu dituzten manifestazioak.
Plataforma hauetako ordezkariak batu dira, hain zuzen, Gipuzkoako hiriburuko mobilizazioa abiatuko den gunean, Bulebarrean bertan. Mobilizaziookin bat egitera deitu gaituzte.
"Arduradun politikoek nahita eta etengabe hondatu dute"
Osasun zerbitzu publikoa ahultzen jarraitzen dutela salatu dute, Osakidetzak behar duen dirua "osasun pribatuaren poltsikoetara desbideratzen" jarraitzen dutela. Gogorarazi dutenez, ordea, "osasuna eskubide bat da eta ezin dugu onartu negozio bihurtzea. Are gutxiago herri administraziotik negozioa sustatzea eta osasun pribatua eraginkorragoa dela sinestaraztea".
Nabarmendu dutenez, "osasun publikoa da guztiontzako arreta ekitatiboa eta gure beharren araberakoa berma dezakeen bakarra. Eska dezagun administrazio publikoek berau indartzea, eta ez interes pribatuen alde egitea".
Osakidetzak bizi duen ahulezia geroz eta handiagoa agerian utzi nahi izan dute, baina oroitarazi dutenez, osasun zerbitzu publikoen "degradazioa urrunetik dator eta hori ez da kasualitatea. Arduradun politikoek nahita eta etengabe hondatu dute, garbiketa-zerbitzuak, garbitegia, jantokiak, anbulantziak, dialisia, laborategia eta abar pribatizatuz". Hori aski ez eta salatu dutenez, "beste hainbat zerbitzu desegiten jarraitzen dute: larrialdiak, haurren osasun mentala, anatomia patologikoa, elektromedikuntzako tresneria... Eta, gainera, beraiek horri etekina ateratzen diote ate birakarien bidez, Keralty, IMQ, Inviza, Ibermatica, Grant Thornton, LKS, PWC, Deloitte... bezalako enpresekin lankidetzan".
Osakidetzak bizi duen testuinguru hau salatzearekin batera, aurrerapauso bat eman nahi dute Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek larunbaterako, hilaren 11rako deitu dituzten manifestazioen bidez. Osakidetzaren eredu aldaketarako proposamena aldarrikatzeko baliatu nahi dituzte mobilizazio hauek. Eredu aldaketa hau gauzatzeko proposamenaren nondik norako nagusiak, aipatu bilguneok duten webgunean kaleratu dituzte manifestu batean.
Manifestu horrekin bat egiteko aukera duzue, opaherriplataformak.eus atarian sartuta. Azaroaren 11ko hiru manifestazioetako bat, Donostian egingo da. 17:00etan abiatuko da Bulebarretik, "Murrizketarik ez, pribatizaziorik ere ez! Defenda dezagun osasungintza publikoa" aldarriaren bueltan.