Gazako sarraskia geratu eta Palestinarekin bat egiteko mobilizazio eguna gaur

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 7a, 07:12

Argazkia: Michelingo LAB.

Israel Gazan eragiten ari den sarraskia amaitzea exijitzeko mobilizazio eguna deitu du astearte honetarako, azaroaren 7rako Euskal Herri osoan Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak, baita Usurbilen ere; 19:00etan udaletxe atarian.

Gazako sarraskia nabarmen okerragotu zenetik hilabete beteko den astearte honetarako, azaroaren 7rako mobilizazio eguna deitu du Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak, urriaren 21ean Donostian egin zen manifestaldi jendetsuaren deitzaileak hain zuzen. 

Astearte goiz partean, lantegi eta ikastetxeetan mobilizatzera deitu dute. Albiste honi atxikitakoa, Michelinen egin duten elkarretaratzeko argazkia duzue. Lantegi horretako LAB sindikatuak sare sozialen bidez zabaldu duena. Arratsaldeko 19:00etan udaletxe atarietan mobilizatzeko deia egin da. Egun honi begirako aldarria argia da; "Gazako sarraskia gelditu!" Konponbide politikoa orain. Palestinarekin elkartasuna".

Egoera larriagotzen
Esateko gutxi dago, egunerokoan inpotentzia handiz ikusten ari garelako Israel palestinar herriarekin egiten ari dena. Egunek aurrera egin ahala handitzen doa Israelek erahildako palestinarren kopurua, bere sorterria utzi behar izan dutenak zenbaezinak dira, handitzen doa Israelen okupazio eremua Gazan... Lehendik ere latzak ziren bizi baldintzak are gehiago okertzen doaz eta heriotza zigorrera kondenatzen ari dira Palestinako herria. 

Hau guztia salatu eta palestinar herriari elkartasuna adierazteko aukera egongo da Euskal Herri luze zabalean gaur, azaroaren 7an, baita Usurbilen ere. Deitzaileek, Gernika-Palestina Deialdi Herritarrak, ezinbestekotzat jo du Donostiako manifestazio jendetsuaren ondotik, egoeraren larritasuna ikusita, mobilizazioei eustea. 

Hitzordu hauen bidez, berehalako su-etena, eraso guztien amaiera, zibilen bizia eta segurtasuna bermatzea, Gazako setioa eta Palestinako lurraldearen gaineko mehatxua amaitzea eta laguntza humanitarioaren sarbidea ahalbidetzea galdegingo da.

Mobilizazio eguna
Azaroak 7, asteartea
Goizean, hezkuntza zentroetan eta lantegietan.
19:00 Udaletxeko plazan.
Deitzailea: Gernika-Palestina Deialdi Herritarra.