Herriko ekoizpen oparoa otar eder batean bildua, gure esku izan dezakegu urtea agurtzerako. Iaz bezala, Hurbilago elkartea, Usurbilgo Udala eta Kulturgunea batu dira 650 Usurbil Bizi otarra egitasmoa sustatzeko; "herriko ekoizle eta sortzaileen lana ezagun egin eta produktu horiei ikusgarritasuna emateko, herrian bertan kontsumitzea bultzatzearekin batera". Herriko ekoizleen produktuon otarrok urte amaieran zozketatuko dira, herriko merkataritza eta ostalaritza establezimenduetan erosketak egiten dituztenen artean.
Horretarako, prestaketa lanak abian dira. Azaroaren 10era arte zabalik izango da otar honetan produkturen bat eskaini nahi duten ekoizleentzat izena eman eta egin nahi duten eskaintza aurkezteko epea.
Iaz antolatu zuten ekimen hau estreinakoz eta izan zuen arrakastaren ondotik, esperientzia errepikatzea erabaki dute aurten. "2022an antolatutako lehen edizioaren balorazio positiboa egin dute ekimenaren antolatzaileek, besteak beste, herriko eragileen parte-hartzea altua izan zelako. Guztira, Usurbilgo 34 ekoizle eta sortzailek hartu zuten parte iaz: 7 kultur sortzailek, 2 moda diseinatzailek, 10 musikari edo musika taldek, lehen sektoreko 10 ekoizlek eta 5 sagardogilek; horrez gain, Hurbilago elkartekoak diren 18 saltokik hartu zuten parte otarren zozketan, eta 90 otar banatu zituzten bezeroen artean".
650 Usurbil Bizi otarra
Azaroak 1-10
Usurbilgo ekoizleek eta sortzaileek 650 Usurbil Bizi otarrak hornitzeko proposamenak aurkezteko epea izena ematearekin batera, gertuago.eus atarian. Eskaintzak 200 euroko aurrekontukoa izan beharko du, BEZa sartu gabe. Baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Kultura eta sormen industriako jardueretarako:
1. Usurbilen erroldatutako herritarra edo elkartea izatea, eskaerak egiteko epea zabaldutako lehen egunean (2023ko azaroaren 1ean).
2. Eskainitako produktuaren egilea edo autorea izatea. Taldean egindako lanak badira,
taldekideen %33k, gutxienez, Usurbilen erroldatua egon behar du.
3. Azken 5 urteetan merkaturatutako produktua izatea (deialdia zabaldutako egunetik
kontatzen hasita).
4. Kultura eta sormenaren industriako ondorengo jarduera-adarren bateko eragilea izatea: musika, literatura, arte eszenikoak, ikusmen-arteak, bestelako kultur diziplinetako eragileak, moda diseinatzaileak eta sormen industriako bestelako eragileak.
b) Lehen sektorea, ostalaritza eta elikaduraren industriako ekoizleentzat:
1. Lehen sektorea: nekazaritza edota abeltzaintzaren sektoreko jarduera bat izan eta ekoizpen-ustiategia Usurbilen daukatenak.
2. Elikadura-industriako ekoizleak: Usurbilgo lursailetan kokatutako nekazaritza edota
abeltzaintzako ekoizpen propioa duten sagardogileak eta elikadura-industriako bestelako
ekoizleak. Elikadura-produktuak eskaintzen dituzten ekoizleek, jakien osasun erregistroan inskribatuta egon beharko dute edo osasun-baimena izan, hala dagokien kasuan.
Azaroak 13-17
Ekimenaren antolatzaileek proposamenek eskatutako baldintzak betetzen dituzten aztertuko dute.
Azaroaren 22a baino lehen
Aurkezturiko proposamenen onarpena bidaliko zaie ekoizleei, eskainitako produktuak non eta noiz entregatu beharko dituzten jakinaztearekin batera.
Abenduak 3, igandea
Hurbilago elkarteak antolaturiko Udazkeneko Azoka: bertan aurkeztuko da Usurbilgo ekoizleen eta sortzaileen produktuekin osatutako aurtengo otarra. Otarraren erakusmahai bat ere jarriko dute azokan bertan.
Abenduak 4-30
650 Usurbil Bizi otarra eskuratzeko zozketan parte hartzeko aukera. Hurbilagoren saltokietan erosketak egitearen truke zozketarako txartelak banatuko dituzte.
Abenduak 30, larunbata
Egitasmo honetan parte hartuko duten herriko establezimendu bakoitzeko bezeroen artean sarituak nortzuk diren erabakitzeko zozketak egingo dira.
Abenduak 31, igandea
Eguerdian, 650 Usurbil Bizi otarren bananera ekitaldia Usurbilgo frontoian.
Informazio gehiagorako idatzi gertuagosareak@gmail.com helbidera edo 652 085 811 telefono zenbakira deitu.
Antolatzaileak: Hurbilago elkartea, Usurbilgo Udala eta Kulturgunea.