Errigoraren 10. urtemugako kanpaina, azken txanpan

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 7a, 10:00

Hamarkada bat bete duen Errigoraren "Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka" kanpainako kaxak eskatzeko azaroaren 9ra arteko epea izango duzue.

"10 urte bete-bete". Hala dio Errigorak abiarazi duen urte garai honetako "Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka" kanpainaren harira. Hamarkada honetan egin bezala, oraingoan ere Nafarroa hegoaldean ekoitzitako produktuen milaka saski helaraziko dituzte Euskal Herriko etxeetara. Auzolanak bideratuko du euskalgintzan ere eragiten duen ekimen hau. "Erromatarrek Ager vasconum deitu zuten lurraldea -Nafarroa hegoalde eta erdialdea- du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararako eta euskaraz". 

Handitzen doan sare bati esker bideratzen da egitasmoa. "Gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari garen herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek. Gure txikitasunetik herrilan handi bat gauzatu nahi dugu, Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako".

Azaroaren 9ra arte
Eskaerak azaroaren 9ra arte bideratu ahalko dira. Abiapuntura itzultzea erabaki dute oraingoan. "Hastapenetan bezala 50 eurotako saski bakarra" egongo da eskuragarri. Barruan, "23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzionalak nahasian". Erositako kaxa bakoitzetik, "saski bakoitzaren %25 euskalgintzara bideratzen da", ohartarazi dute beste behin Errigoratik. "Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere". Horrez gain, "Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada; zonaldean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko eta bere aldeko jarrerak indartzeko lan egiteko baliabideak eskaintzen dizkio".

Eskabideak NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzan edo errigora.eus bidez bideratu ahalko dituzue azaroaren 9ra arte.