Saskiak, Zuberoako ikastolen alde

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 8a, 11:53

Azaroaren 26an itxiko da eskaerak egiteko epea eta bi modutara egin daiteke: ikaskoli.eus web orrialdearen bitartez edo NOAUA Kultur Elkartera hurbilduz.

Nafartarrak taldearen eskutik gure artera iritsi den kanpaina honek helburu argi bat du: Zuberoan kokatuta dauden ikastolak diruz laguntzea.

Ipar Euskal Herrian euskarak ez du babes ofizialik. "Euskara hizkuntza gutxiagotua gelditzen da gure lurraldean. Euskararen etxeko transmisioa Zuberoan eteten ari den heinean, ikastolek dute euskararen transmisioa bermatzen". Laguntza oro ezinbestekoa da. Saski hauetako bat erosiz, kalitate handiko elikagaiak eskuratuko ditugu eta gure alea jarriko dugu Zuberoako bi ikastola hauek zutik iraun dezaten.

 

20 urteko ibilbidea

Duela 20 urte hasi ziren saskiak saltzen. "2003. urteaz geroztik, Xiberoan kokatuak diren 2 ikastolek (Alozekoa Basaburuan 32 haurrekilan, eta Eperra Pettarrean 73 haurrekilan) tokiko mozkinekin osaturiko saskiak salgai ezartzen ditugu gabonetarako", prentsa-ohar bidez jakinarazi dutenez.

 

2.200 saski saldu zituzten iaz

Kanpainak hortaz, bi onuradun nagusi ditu: Zuberoako ikastolak eta Zuberoako ekoizle txikiak. "Balorapena egiteko unean, pozik agertzen gira", diote. Iaz prezioak igo behar izan zituzten eta, hala ere, 2.200 saski saldu zituzten. "Aurten, iragan urteko aldaketak egonkortzea dugu xede, eta hiru saski berdinekin jarraitzea erabaki dugu".

 

Elikagaiak, kalitate handikoak

Kanpaina honen sustatzaileen esanetan, "saskia osatzen duten osagai guziak, produkzio ttipiko ekoizleenak dira. Kalitate handikoak, bertan ekoiztu mozkinak eskaintzen dituztenak".

 

Hiru saski, aukeran

Pettarra (50 euro)

Ahate gibel berrosatua, eztia, ardi gazta kiloa, bixkotx gatzatuak, pastak.

 

Arbaila (57 euro)

Eztia, bixkotx artisanalak, kilo erdiko bi gazta zati, bixkotx gazituak, erreximenta, tisanak, pastak.

 

Basabürüa (68 euro)

Xerri patea, bixkotx artisanalak, ardi gazta kg., xahalki axoa, lukainka idorra, pastak.

 

Epea, azaroak 26

Azaroaren 26an amaituko da eskaerak egiteko epea. NOAUA Kultur Elkartearen egoitzan eska daiteke, edo online, ikaskoli.eus web orrialdean.

Banaketa abenduaren 15ean hasiko da eta  NOAUAko egoitzan jaso ahal izango da saskia.

 

Azaroaren 25ean, ospakizuna Usurbilen

Zuberoako ikastolen mugimenduak 50 urte beteko ditu aurten. "Usurbildik haiekin bereziki harremana daukagunok beraiekin ospatu nahi dugu urteurren borobil hau", Nafartarrek aditzera eman digutenez. Egitarau hau prest dute:

11:30 Udarregi ikastolan ongietorria eta harrera Zuberoako ordezkariei.

12:00 Kale-jira herrian zehar Kantu-jirakoekin, Mikel Laboa plazatik abiatuta.

18:00 Musika, dantza eta kantu emanaldia Sutegiko auditoriumean. Partehartzaileak: Mixel Etxekopar eta Jean Kristian Galtzetaburu, herriko bertsolariak, Udarregi ikastola eta Orbeldi dantza taldea.

Sarrera: 5 euro (egunean bertan edo aurrez, Lizardin).

Antolatzaileak: Nafartarrak Kultur Elkartea, Kantu Taldea eta Orbeldi Dantza Taldea.