Aurrekontu proposamenez hitz egiteko xedearekin, EH Bilduk gidatzen duen udal gobernuak hainbat bilera iragarri ditu. Hitzordu hauetan, tokian tokiko beharrak eta proposamenak lantzeko aukera egongo da. Beste urte batzuetan bezala, "udal-gobernuak aurrekontuen proposamen zirriborroa osatu, eta ekarpenak egiteko aukera zabalduko du bertaratzen direnen artean".
Oposizioko talde politikoekin bezalaxe, herritarrekin ere partekatu nahi ditu bere egitasmoak. Batzuekin zein besteekin batu ondoren, udal aurrekontuen azken proposamena idatziko du Agurtzane Solaberrietak gidatzen duen lan-taldeak. Okerrik ez bada, abenduko osoko bilkuran landuko da proposamena, eta pleno horretan bertan hasieraz onartuko litzateke 2024ko udal aurrekontua.
2024ko aurrekontuak aurkezteko egutegia
Azaroak 15 asteazkena: Santuenea (frontoi ondoko lokalean) eta Kalezar (Haur eskolan).
Azaroak 20 astelehena: Txokoalde (Txokoargin) eta Zubieta (Kaxkapen).
Azaroak 21 asteartea: Etxealdia (Potxoenean).
Azaroak 23 osteguna: Atxegalde (Udarregiko jangelan) eta Aginaga (Eliza Zaharrean).
Azaroak 28 asteartea: Kaxkoa (Potxoenean) eta Munalurra (Eguzkin).
Bilera guztiak 18:00etan izango dira, Aginagakoa izan ezik (18:30).