Duela hilabete istripu larria izandako gazte usurbildarra zendu da

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 9a, 07:56

Duela hilabete Kalezar parean N634 errepidean istripuan larriki zauritutako 20 urteko gaztea zendu da.

Urriaren 7an Kalezar parean N634 errepidean larriki zauritu zen Julen Lejardi Araolaza 20 urteko gazte usurbildarra zendu da azken orduotan. 

Bere babesa agertu nahi izan dio senide eta lagunei Usurbilgo alkateak. "Jaso nahi ez genuen albistea iritsi da: Julen, 20 urteko gaztea, hil da, duela hilabete inguru izandako zorigaiztoko istripu larriaren ondorioz". Bihotza birrinduta dugu, haserre, minez, amorruz, penaz. Horixe da une honetan usurbildarron sentimendu orokortua. Besarkada handi bat familiari, lagunei eta, oro har, herriko gazteei. Lurrak goxo har zaitzala, Julen!".

Ildo beretik, Usurbil Kirol Elkartetik ere samina adierazi eta babesa helarazi nahi izan die gaztearen senide eta lagunei. "Atzokoa oso egun gogorra izan zen, izan ere, Usurbilgo zeru gainean beste izar bat piztu zitzaigun. Julen Lejardi Araolaza atzo zendu zen 20 urte zituela". Une honetan, "familia, lagun, klub eta herriari utzitako hutsune latz hau beteko duenik ez dago; horixe da bere gizatasunaren adierazlerik handiena. Besarkada goxo bat helarazi nahi diegu bereziki familia eta gertuko lagunei".