Datorren azaroaren 15ean Gipuzkoako Batzar Nagusietako Jasangarritasun Batzordea bilduko da. Eguneko gai-zerrendan, gai bakarra hartuko dute ahotan; "GuraSOS elkarteko ordezkarien agerraldia", aipatu erakundeko web orria iragartzen ari den moduan.
Agerraldi horren eskaera Elkarrekin Gipuzkoak aurkeztu dio Jasangarritasun Batzordeari, "urgentziaz GuraSOSeko ordezkarien agerraldia antola dezaten".
Hitzordu hau, Donostiako epaitegi batek Jose Ignacio Asensio alor horretako Diputatua ikertzea erabaki ostean dator. "Hedabideek argitaraturiko informazioaren harira jakin dugu Donostiako epaitegiak tramitera onartu duela Gipuzkoako Fiskaltzaren eskaera Jasangarritasun diputatua eta Ahaldun Nagusiaren ordezkoa ikertzeko, ustezko ingurumenaren aurkako delituagatik eta dokumentuak faltsutzeagatik".
Horren aurrean, Elkarrekin Gipuzkoak agerraldi honen eskaera jasotzen duen dokumentuan dioenez, "Donostiako epaitegiak Jasangarritasun arloko diputatua ikertzeko hartutako erabakiak izan duen oihartzun sozial handia tarteko, beharrezkoa ikusten dugu GuraSOS elkarteak urgentziazko agerraldia egitea Batzar Nagusietan bere iritzia azal dezan Gipuzkoako gizartearen ordezkarien aurrean".
Agerraldi hau antolatzea beharrezko ikusten du Elkarrekin Gipuzkoak, izan ere, "kasu honen ardura duen epaileak irekitako aurretiazko diligentziak foru erakundeen irudiaren gainbehera larria suposatzen du. GuraSOS elkartea osasunarekin inplikatua dago eta irekia dagoen auzi honetan parte hartzen ari da herri akusazio gisa. Beraz, beharrezkoa da Jasangarritasun Batzordean azalpenak ematea".
"Neure gain" bonuak
Gogoan izan, GuraSOS herri akusazio gisa agertu da auzi honetan. GuraSOSek jakinarazi duenez, ordea, "Jose Ignacio Asensiok GuraSOSen kontuak enbargatuta utzi ditu beste auzi batzuetako kostak ordaindu ez dituelako". Horregatik, "nire gain" bonuak eskuragarri jarri ditu NOAUA! K.E.-ren egoitzan eta Aitzaga tabernan. Albiste honetan beherago duzue baita eskuragarri. Ekarpen ekonomikoa egin nahi duenak bonu horietako bat datu pertsonalekin bete, tartean helbide elektronikoa idatzi eta "bertara helduko zaizu gero mezu bat "argituz zeinen kontuan egin beharko duzun diru sarrera, hau da, eskaini duzun laguntza ekonomikoaren kopurua eta jasoko duzu diru hori zertan gastatu den egiaztagiria". Diru ekarpenak norbanako gisa edo taldean egin ahalko dira.