Jatorri aniztasuna plazaratzea, elkar hobeto ezagutu, harremandu eta bestelako kolektibitate bat eraikitzen segitzea. Usurbil harrera herri izatea, hortxe iragan azaroaren 4ko Mundualdiaren hasieran Aniztasun Kontseiluak egindako ekitaldian marraztu zuten etorkizunera begirako erronka. Bide horretan, hainbat urrats eman dituzte, alkate Agurtzane Solaberrietak azaldu zuenez. Harrera eredua "diseinatzen eta egituratzen aritu gara" bi dimentsiotan; udal barruan eta komunitateari begira. Batetik, "Udaletik aktibatu beharreko baliabideak sortzen aritu gara". Hiru aipatu zituen alkateak; batetik, ekainean martxan jarri eta ordutik sorterri ezberdinetako 25 lagunek baliatu duten harrera zerbitzua. Herrian erroldatua egon edo ez dagoenari ere zuzendua dago, "ez da soilik hona bizitzera datorrenari harrera egiteko, baita herrian kokatzen laguntzeko ere". Zerbitzu hau baliatzeko udaletxeko harreran aurrez hitzordua eskatu besterik ez dago.
Lau hizkuntzatan
Horrez gain, baliabideen gida ere prestatu dute. "Helburua argia da. Toki berrietara moldatzeak dakarren zailtasuna erraztu ahal izatea eta herri honek eskaintzen dituen aukeren eta baliabideen berri ematea". Lau hizkuntzatan argitaratu dute; euskaraz eta gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez eta arabieraz. Hiztegitxo bat ere gure artera datozenen esku jarriko dute, "euskara gaitasunik gabe datozenen euskarazko oinarrizko hitzak ezagutu eta barneratu ditzaten". Horrekin batera, udal ordezkariak, eragileak eta sorterri ezberdinetako herritarrak kide dituen Aniztasun Kontseilua osatua zuten iaz, besteak beste, Mundualdiaren sustatzaile lanak egiten dituena. "Azken hilabete hauetan etorri berriei egiten diegun harrera eta herri protokolo integral bat osatzen aritu gara, Usurbil benetako harrera herri izateko". Iragan ostegunean egin zuten udalbatza aretoan, gure artera bizitzera datozenekin aurrerantzean urtean bitan egin asmo duten harrera ekitaldia.
"HarEman"
Halere, alkateak oroitarazi zuenez, "Udalak egin dezakeena asko da, baina harreran ez da aski. Komunitateak prozesu horretan zeregina eta zeresana izango du". Testuiguru horretan kokatu zuten, aurtengo Mundualdian aurkeztu eta jakiak dastatzeko eremuan kokaturiko informazio eta aholkularitza postua, aurrerago xehetasun gehiagorekin aurkeztu asmo dutena; "HarEman" proiektua. Kontzeptuak berak argi dio, harremanetik dator izena, lotura hauetan ematen den hartze eta emate prozesuetatik, hartuemanetik alegia. Gizarte mentoria programa berria da Udalak Zabalduz kooperatibarekin batera abiaraziko duena. "Zure harreman sarea zabaldu nahi duzu, Usurbil hobeto ezagutu eta herriaren parte gero eta gehiago zarela sentitu? Usurbil harrera herria izaten lagundu nahi duzu?", erantzuna baiezkoa bada iragan larunbateko Mundualdian aurkeztu zuten proiektu honetan parte hartzera animatzen dute.
"Usurbil denon herri izatea"
Helburua, konfiantzazko eta hurbileko harremanak eraikitzea da Usurbilera datozen herrikideen eta bertan bizi direnen artean, elkar ezagutzaren bidez. "Ideia, hartu eta ematea da", harreman guztietan bezala. Hartueman hauek sortzeko, eraikitzeko zubilana Zabalduz kooperatibak eta Usurbilgo Udalak egingo dute. "Asmoa boluntarioki Usurbilen errotutakoak eta hona bizitzera datozenak elkarrekin aisialdi tartea, zaletasunak partekatzea da", azaldu zuten Zabalduz kooperatibako ordezkariek Mundualdiari hasiera eman zion ekitaldian.
Benetako elkarbizitza sustatzea da helburua. "Espazio berean bizi gara denok, baina ez gara elkarbizitzen. Proiektu honek Usurbil denon herria izatea, denon artean eraikitzea" nahi du. Izan ere, "etxean bezala sentiarazi gaituen gure sorterritik beste herri batera goazenean, bertan ere etxean bezala sentitu nahi dugu, herriaren parte izan, ezagutu nahi gaituztela sentiarazi". Herri horretan aurrez bizi direnen artean ere "gurekin ondo sentiaraztea, gure herriaren parte izatea, geure hizkuntza, ohiturak, partekatzea" nahi izaten dugu. Hortxe, beraz, hau guztia bideratuko duen egitasmo berria; "HarEman" izenekoa.
Guztion aterpe
Hartuemanetarako aukera ezinhobea izan zen hain zuzen, Mundualdi egunean, sorterri ezberdinetako herrikideek prestaturiko jakien dastaketa arrakastatsuan. Pakistan, Galiza, Mauritania, Nigeria, Nikaragua, Sahara, Venezuela, Kuba... Herrialde hauetan guztietan barneratzeko aukera izan genuen tokian tokiko zapore ederren bidetik, frontoitik mugitu ere egin gabe. Sorterri ezberdinetako herrikideek mimo handiz prestaturiko haien jakiak dastagai jarri zizkiguten. Ohi bezala, gastronomiaren bidez, hartueman ederra sortu zen herrikideen artean, jaioterria edozein dela ere bateko zein besteko herrikideak ezagutu eta harremanak sendotzea sustatzen duen jaialdian. "Gaur plaza honek Usurbilen bizi dugun jatorri eta kultura aniztasuna islatzen du. Elkar ezagutzen eta elkar topatzen jarraitzeko aukera paregabea eskaintzen digu gaurko jaialdiak. Izan ere, Mundualdiak azken batean, guztion aterpe izan nahi baitu, guztion topagune", alkatearen esanetan. Ekimen honek bere esanetan, "edozein izanda ere sorterria, Usurbilen bizi diren pertsona guztien berdintasuna" aldarrikatu nahi du, elkarbizitza eremuak sortu, herrikideen jatorria geroz eta anitzagoa den garaiotan.
Datu esanguratsu bat plazaratu zuen alkateak. Urte hasieran udalerri honek 6.387 biztanle zituen. Haietatik %18,4 Euskal Herritik kanpo jaiotakoak dira.
Nabarmen eraldatzen doan egun bizi dugun testuinguru honen harira, Agurtzane Solaberrieta alkateak zioenez, jarri dute martxan azken urteotan "jatorri aniztasuna eta bizikidetza" lan-ildoa. "Ezinbestekoa da etorkizunera begirako oinarri sendoak ezartzea, gure herriak duen jatorri, identitate eta kultura aniztasuna onartu ez-ezik balioan jartzeko eta bizikidetza elementu bihurtzeko".
Jolas kooperatiboak
Azaroaren 4ko Mundualdia goizean hasi zuten frontoian jolasean. Munduko jolasak frontoira ekarri zituzten eta hala, herrialde ezberdinetan barrena bidaiatzeko aukera izan zuten hitzorduan parte hartu zuten haur, gazte eta helduek, pilotalekutik mugitu ere egin gabe. Zirimarako eta Gaztelekuko kideek nahiz aisialdiko begirale izateko ikastaroa egiten ari direnek lankidetzan antolaturiko familia giroko plan ederra antolatu zuten larunbat goiz euritsuan. Munduko herrialde ezberdinetan ezagunak dituzten jokoak moldaketekin frontoira ekarri nahi izan zituzten. Kooperazioa, talde lana sustatu nahi izan zuten hitzordu honetan. Txinatik ekarri zuten herensugearen jolasarekin esaterako. Ilaran jarri zen talde bat, heldu eta haurrak eskutik helduta, herenseguaren forman. Buruak isatsa harrapatu behar zuen. "Erraza dirudien arren, kooperazio lanean oinarritutako jolasa da. Azkenean, denek lortu behar dute burua eta isatsa babestea".
Behaketa lanetik
Zer nolako jolasak plazaratu erabakitzeko, begirale izateko ikastaroko parte hartzaileek ikerketa lana egin zuten aurretik. Hala, Venezuela, aipaturiko Txina, Afganistan, Nigeria... herrialde guztiotan aritu ziren arakatze lanetan, jolas ezberdinen bila. "Herrialde ezberdinak bilatu zituzten eta interesgarriak zein dibertigarriak iruditu zitzaizkien jolasetatik abiatu ginen". Lanketa honetan biltzen joan ziren informazioarekin harritu ziren, "jolas asko hemen ezagunak ditugu". Mundualdirako hainbat egokitzapen txertatu zituzten joko hauetan. Baliagarria iruditu zitzaien esperientzia aisialdiko begirale izateko Usurbilen abian den ikastaroko partaideei. Hamabost ikasleko taldeak bigarren saioa zuen azaroaren 4an. "Aukera ona izan dugu ikasitakoa praktikan jarri, zer hobetua dagoen ikusi eta ikasturteko erronkak bistaratzeko".