Herenegun hil zen Julen Lejardi Araolaza urriaren 7an N634 errepidean Kalezar parean izandako istripuaren ondorioz. Azaroaren 8an hil zen, hilabete lehenago izandako ezbeharrean larriki zauritu ostean. Ostiral honetan, hilaren 10ean egingo da bere aldeko hileta elizkizuna, iluntzeko 19:30etan hasita Salbatore Deunaren parroki elizan.
20 urteko gazte usurbildarra omentzeko azken orduotan kaleratu diren eskeletako batean nabarmendu dutenez, "ikasketetan abila, jende artekoa, dantzari fiña eta eskubaloian dena ematen zenuena", hitz hauekin oroitu eta omendu nahi izan dute bere senide eta lagunek. Bere umorea eta prestasuna ere goraipatu dute beste eskeletako batean. Usurbil Kirol Elkarteak ere eskela jarri dio. Izan ere, bai Julen zein bere familia oso inplikatuak egon dira eskubaloi taldeen bilgunean. "Zure eskubaloiko familiak ez zaitu ahaztuko", adierazi diote Usurbil K.E.-tik. Sare sozialen bidez gaineratu dutenez, "maite zintugulako eta maitatzen jarraitzen zaitugulako. Eskerrik asko Julen!".
"Besarkada handi bat familiari, lagunei eta, oro har, herriko gazteei"
Aldez aurretik, sare sozialen bidez ere samina adierazi eta babesa helarazi nahi izan zieten atzo eskubaloi elkartetik gaztearen senide eta lagunei, albiste honi atxikitako talde argazkia argitaratzearekin batera. "Atzokoa oso egun gogorra izan zen, izan ere, Usurbilgo zeru gainean beste izar bat piztu zitzaigun. Julen Lejardi Araolaza atzo zendu zen 20 urte zituela". Une honetan, "familia, lagun, klub eta herriari utzitako hutsune latz hau beteko duenik ez dago; horixe da bere gizatasunaren adierazlerik handiena. Besarkada goxo bat helarazi nahi diegu bereziki familia eta gertuko lagunei".
Bere babesa agertu nahi izan die senide eta lagunei Usurbilgo alkateak. "Jaso nahi ez genuen albistea iritsi da: Julen, 20 urteko gaztea, hil da, duela hilabete inguru izandako zorigaiztoko istripu larriaren ondorioz". Bihotza birrinduta dugu, haserre, minez, amorruz, penaz. Horixe da une honetan usurbildarron sentimendu orokortua. Besarkada handi bat familiari, lagunei eta, oro har, herriko gazteei. Lurrak goxo har zaitzala, Julen!".