Kulturaldia

Ixabel Agirresarobe: "Errioa neurea egin dut, edo ni berea egin naiz"

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 10a, 09:12

"Usurbil borobil errioan dabil" ipuina aurkeztuko du Ixabel Agirresarobe Arzallusek NOAUA! K.E-k antolaturiko Kulturaldiaren baitan. Azaroaren 12an izango da, arratsaldeko 18:00etan Sutegin. Usurbilgo Udalak sorkuntzarako duen dirulaguntza deialditik ondu du Ixabel Agirresarobe Arzallus herrikideak "Usurbil borobil errioan dabil" kontakizuna. Oriaren mutur batetik bestera, Zubietatik hasi, Santueneatik segi eta Txokoalde zein Aginagaraino, leku hauetako guztietako hainbat bizilagunekin bildu eta izan dituen hizketaldietatik landu du NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan, azaroaren 12an aurkeztuko duen ipuina. "Gure herriko errioaren ipuin bat", halaxe definitu du Sutegin aurkeztuko duen sorkuntza lana. Entzun soilik ez, hitza hartzeko aukera izango da ekitaldian zehar. Izan ere, Usurbilgo kontalariak proiektu honen erdigunera ahozkotasuna ekarri nahi du. Hauxe sustatu nahi izan du bere sorkuntza prozesuan Agirresarobek. Datorren hilaren 12an ere gauza bera egin nahi du. Lanketa honen emaitza aurkezterakoan ere tertulia giro goxoa sortu nahi du kultur-etxean eta herriko historia osatzen segi. 

Errimadun izenburua du ipuinak.
Ixabel Agirresarobe: Errimak du buruan lehenago geratzen dela eta gogoratzeko errazagoa da. Grazia egin zidan, jolas modukoa izan da.  

Errio ertzeko bizilagunen lekukotzekin osatu duzu ipuina ezta?
Bai, haiekin bildu naiz. Fisikoki errioa ukitzen duten lau "asentamenduetan" dagoen jendearekin. 

Haien bidez, errioa sakonago ezagutzeko aukera izan duzu?
Nik ez nekizkien kontuak entzun ditut, beste batzuk baieztatu egin ditut. 

Herri hau garai batean errioari lotuagoa, egun bizkarra emanda bizi dela begi bistakoa da. Lekukotza horiek baieztapen hau berretsi dute? 
Bai, dudarik gabe. Hauetako "asentamenduetako" batean, batek esan zidan lehenengo gauza horixe izan zen; orain errioari bizkarra emanda bizi garela. Bizimodua aldatu da, orohar, denean.  

Nola hurbildu zara gai honetara, zergatik?
Niri errioa urrutikoa izan zait. Izan ere, ni Usurbilgo plazakoa naiz, Kaxkokoa. Errioa ikusi izan dut txikitan, Landaberrira joaten ginelako autobusean. Errioa “koloretan” ikusten genuen. Koloreak badakigu nolakoak ziren, laino txuri horiek... Egunero ikusten genuena guretzat normala zen. Zorionez, kolore horiek ez ditugu ikusten baina errioa hor dago beti autobusean edo trenez Oriorantz joatean, aldiro-aldiro desberdin, itsasgora edo itsasbehera delako, eguraldiagatik, urtaroagatik... Lehorrekoa naiz baina bertako ikuspegiak erakartzen nau, aldiro nola ezberdin ikusten duen, hegazti ezberdinak nola dabiltzan, zuhaitz motak ere nola aldatzen diren. Bizirik dagoen ingurua da. Zoragarria da trenez Usurbildik Oriorako ibilbide hori.  

Nondik abiatu zenuen sorkuntza lan hau?
Errioarekin bizi izan den jendearekin hitz egin nahi nuen. Ni plazakoa izanik, kontatu zer arraio dagoen errioaren inguruan, nola bizi izan diren. Hala hasi nintzen "asentamenduetako" kontaktuekin hizketan. Gustura hartu zuten ideia.

"Asentamendu" hitza aipatzen ari zara sarritan. Zer zentzu eman nahi diozu kontzeptu horri?
Badakigu herri honetan bi herri daudela. Herri barruan dago beste herri bat bitan bereiztua bere nortasun propioa duena eta gero dago beste bat, bitan banatua dagoena. Hor istorio batzuk kontatu zizkidaten zergatik duten izen bat eta ez beste bat. Horrek jokoa eman dit. Errioarekin loturarik izan ez arren, ez nekizkien beste kontu batzuekin lotura du. Horrekin ere jolastu dut. 

Errioa sarbide modukoa izan da beste kontu batzuei heltzeko beraz.
Bai, gauza politak kontatu dizkidate eta gustura egon nintzen. Batzuk izugarrizko memoria dute. Piloa gozatu dut. Nik ezagutzen ez nuen edo bizi izan ez dudan mundu bat dago. Jasotakoa niretik nola ikusi dudan kontatuko dut.

Nola aukeratu dituzu pertsona horiek? 
Zuzenean joan naiz leku bakoitzean bizi dudan ezagunengana. Gero, haien bidez beste batzuekin kontaktatu dut. Errioa bera bezala, batek bestearengana eraman nau. 

Aurkezpena azaroaren 12an egingo duzu. Nori zuzenduriko ekitaldia da? 
Lagundu nauten pertsona horiek etortzea nahi nuke, ohore handia litzateke. Baita nahi duen orok ere noski, batez ere non bizi garen jakiteko. Ba al dakigu bazter hauetan zer dagoen? Gozatu nahi dut dugunarekin. Horixe da nire gonbita.   

Ipuina aurkezteaz gain, tertulia modukoa egin nahi duzu.
Beraiek kontatu dizkidaten istorio guztiak ipuinean txertatzea ezinezkoa izan da. Asko gustatuko litzaidake kontakizuna bukatu eta gero, zerbait ez dudala esan edo konturen bat gaizki kontatu badut esatea. Sormen lan honen helburua izan da istorioa jasotzea baina bereziki ahozkotasuna bultzatzea. Ahozkotasuna sustatzeko egon behar du hizlariak eta entzuleak. Talde batzuetan bik hitz egin dute haiek zutelako informazio hori. Beste batzuk entzutera joaten ziren. Juxtu hori da nahi dudana, ahozkotasun hori erdigunean jartzea.   

Kontalaria zaren aldetik, kontaera horiek jasotzea ere aberasgarria izango zen?
Boligrafoa eta paperarekin joan nintzen, nik erabiltzen ez ditudan hitzak edo beste gauza politak apuntatzeko. Ahozkotasun horretatik, nik zuzenean entzun dudanetik egingo dut kontakizuna. Ahozkotasunak hori du, bakoitzak gauzak nahi duen eran kontatzen dituela, beretik. Orduan, transmisio horretan gauza batzuk galdu egingo dira, edo aldrebestu egingo ditut edo auskalo. Horregatik nahi dut ekitaldi amaieran norbaitek zerbait esan nahi badu tertulia modukoa egitea. 

Ahozkotasuna kontakizun honen tartean kokatu nahi duzu, ezta?
Sormenaren helburua zen ahozkotasuna indartzea eta horrekin ehuneko ehun bete dut. Hori gozagarria izan da. Gainera, parte hartu duten herrikideek hitz egitera zetozen. Halakoetan, denboraren ikuspegi hori ez dago, ez da garrantzitsua zenbat denboran hitz egin behar den. Kontuak bukatu zirenean bukatutzat eman genuen egonaldia. Gustura egon naiz. Egonaldi hauetan hitz egiten hasten zara eta gai batek beste batera eramaten zaitu eta ahozkotasunarekin ere gauza asko lortzen dira. Asko dago oraindik entzuteko, ez soilik errioari buruz, bestelakoez ere bai. 

Herri honen historiaz ari gara.
Herri honetako historiarekin ipuin bat sortu dut. Ez da dokumentu bat, ez bainaiz kazetaria. Gainera, gustatuko litzaidake jendeak jakitea, bakoitzak bere herrian baduela lekua, kontatzeko aitzakia bertakoekin. Ipuinak nork bere herrian sortu ditzake. 

Sorkuntza sustatzeko Udalaren dirulaguntza lerro bati lotua dago zure egitasmoa. Motibagarriak, lagungarriak zaizkizu halako laguntzak?
Bai, horixe baietz. Laguntza hauek aurrera egiteko indarra ematen dute. Gainera, "erakusleihoan" jartzen zaitu eta motibagarria da. Askotan ideia bat aspalditik duzu bueltaka, baina ez diozu forma ematen. Motibazio horrek aurrera egiten laguntzen du. Beharrezkoak dira. Babes handia ematen dute. Kasu honetan, gainera, NOAUA! Kultur Elkarteak ere aukera ederra eman dit aurkezteko. Beraz, Udalak diruz lagundutako lan bat da baina gero hori plazaratzeko bitartekaria NOAUA! izan denez, iruditzen zait erabat Usurbil borobildu dugula hala. 

Errioarekiko edota herriarekiko zenuen ikuspegia aldatu dizu egitasmo honek? 
Gustagarriagoa egiten zait orain. Jantzi egin nau. Jada ez naiz Usurbilgo Kaxko batean jaiotako pertsona soil bat. Jada errioa ere neure egin dut edo ni berea egin naiz.