Kulturaldia

Gari & Maldanbera taldekoen kontzertuaren ondotik, Sutegi beteko da gaur berriz antzezlanarekin

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 11a, 08:02

Larunbat honetako NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiko "Kanpora sartzen" antzezlanerako sarrerak agortuak daude.

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiko bigarren asteburu betean gara. Bart ekin diogu azken txanpa honi, Gari & Maldanbera taldekoen kontzertuarekin. Bere 30 urteotako ibilbideko hainbat abesti gogoangarri entzuteko aukera izan dute ostiral gau honetan, Sutegiko auditorioan.

Kulturaldiari segida larunbat honetan emango diogu, "Kanpora sartzen" antzezlanarekin. Adi, goraino beteko da auditorioa. Izan ere, gaurko hitzordurako sarrerak agortu egin dira.

Zikloa borobiltzeko, herrikide baten hurbileko kontakizunaz gozatu eta ekarpenak egiteko ere aukera izango dugu. Ixabel Agirrerasobe Arzallus herrikidearen eskutik, "Usurbil borobil errioan dabil" kontakizuna eta tertulia Sutegin.


NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia
Azaroak 11, larunbata
20:00 "Kanpora sartzen" antzezlana Sutegiko auditorioan.
Zuzendaria: Aitziber Garmendia Mendizabal.
Aktoreak: Xabin Fernandez Zubeldia eta Intza Alkain Ibarguren.
Zehaztasunak: "Umorez betetako emanaldi gordina. 2013ko martxoaren 11n, Xabinek seropositiboa zela jakin zuen; egun hartan, dena aldatu zen. Hamar urteren ostean, Xabinen eta Birusaren arteko harremanari buruz hitz egiteko garaia heldu da. Euren arteko elkarbizitzaren testiguak izango gara obra honetan, azken hamarkadan gertatutako pasadizoak errepasatuz. Pilulak, estigma, lotsa, kontsultak, beldurra, kulpa, bakardadea, osasun mentala, terapia, pandemia... Nola eragin du birusaren etorrerak Xabinen eguneroko bizitzan? Lehen pertsonan idatzitako istorioa da "Kanpora sartzen". Sentimendu gordinenen eta umorearen arteko oreka bilatzen duena, eta seropositibo baten egunerokotasunean gertatzen diren kontuak azaleratu nahi dituena. Lortuko al dute Xabinek eta Birusak kanpora sartzea?".
Sarrerak: agortuak.



Azaroak 12, igandea
18:00 "Usurbil borobil errioan dabil" Kontakizuna eta tertulia Sutegin.
Zehaztasunak: Ixabel Agirresarobe Arzallus herritarrak 2023ko sormen diru laguntzetan aurkeztu eta babestutako proiektua ikusteko aukera izango dugu. Zubieta, Urdaiaga (Santuenea eta Txokoalde) eta Aginagako herritarrekin, errioko hainbat kontu eta pasadizo jaso ditu. Ahoz eta zuzenean jasotakoarekin ipuin bat sortu da, "gure herriko errioaren ipuin bat". Emanaldian ipuinaz gozatzeko aukera izango dugu eta, ondoren, bertaratutakoekin tertulian jarraitzeko aukera izango dugu".
Sarrera: doan.