Beste bi emanaldi iragarri ditu Gure Zirkuak

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 11a, 09:51

Berez azaroaren 18ra arte iragarriak zuen bira amaierako zikloa beste egun bat luzatzea erabaki du Gure Zirkuak. Bi saio gehiago eskainiko dituzte hilaren 19an.

Arrakasta itzela izaten ari da Usurbilen ere Gure Zirkua. Bere seigarren bira amaierako saio ia denetarako sarrerak agortu dituzte. Une honetan, azaroaren 17ko emanaldirako baino ezin dira eskuratu sarrerak. Halere, adi, ikuskizunera joateko gogoz denak beste bi aukera izango dituela iragarri dute Gure Zirkutik; azaroaren 19an beste bi saio antolatu dituzte. Sarrerak gurezirkua.eus atarian eskura ditzakezue.

Egun eta orduotarako programatu datozen ikuskizunak. Aipatu moduan, azaroaren 17ko eta 19ko emanaldietarako baino ezin dira eskuratu sarrerak:
-Azaroak 11, larunbata: 16:30/19:00.
-Azaroak 12, igandea: 12:00/17:00.
-Azaroak 17, ostirala: 19:00 (sarrerak salgai).
-Azaroak 18, larunbata: 16:30/19:00.
-Azaroak 19, igandea: 12:00/17:00 (sarrerak salgai).

Gure Zirkua
Harrera jendetsua izan ohi du, Gure Zirkuak bisitatu dituen Euskal Herriko txokoetan. "Nortasun berezi, xelebre eta irribarretsua duten artistez osatutako konpainiak ezinezkoarekin jolas egin asmo du, eta beren ametsetako ikuskizuna eskaini. Beren arte eskuzabal eta herrikoia erakutsi nahi digute. Beren lanbidea, edertasuna eta ausardia elkarbanatu nahi dute herri osoarekin, adin eta maila guztietarako herritarrekin", hala aurkeztu digute Gure Zirkua bere sustatzaileek.

Iragarria dutenez, "Gure Zirkuan sinetsi ezin dena gozatuko dugu; eta karpa barruko giroa osatuko duten orekarekin, indarrarekin, arriskuarekin, trebetasunarekin eta pozarekin harrituko gara".

Sarrerak eta informazio gehiago, gurezirkua.eus atarian.