Osakidetza defendatzeko mobilizazioa

"Herritarrok argi dugu irtenbideak publikoa, duina eta integrala behar duela izan"

Noaua Aldizkaria 2023ko aza. 12a, 12:17

"Osasun sistema publikoa defendatu nahi dugu, gurea delako". Hitz hauekin ekin zioten larunbat arratsaldean, Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek Donostian deitu zuen manifestazio jendetsuaren amaierako ekitaldia.

Milaka lagun batu zituen Bulebarreko hitzorduan, beste ezer baino lehen, eskertza bikoitza helarazi nahi izan zieten parte hartzaileei. "Osasun publikoarentzat eredu berri bat eta zaintza sistema publiko, duin eta integral bat eskatzen dugun guztioi, milesker". Horren harira adierazi zutenez, "milesker gaur kalera atera zareten guztioi".

Osakidetza indartzeko plataforma hauek egunotan plazaratu duten manifestuarekin bat egin dutenak ere gogoan hartu zituzten. "Mila atxikimendutik gora izan ditu", nabarmendu zuten manifestazioko antolatzaileek.


Onartezinak
Manifestu horretan jasoa duten moduan, "osasun ereduaren eraberritzea proposatzen dugu eta gaixo dagoen egungo sistema onbideratzeko proposamenak aurkezten ditugu. Horretarako, beharrezkoa da lehen mailako arreta baliabide gehiagorekin sustatzea, pazienteen osasunaren jarraipena talde berak egin dezan berreskuratuz adibidez".

Manifestu horren bidez, gaineratu zutenez, "ekarpen positibo bat egin nahi izan dugu zaintza sistemari buruzko eztabaida sakona ireki eta plazaratzeko eta zaintza eredu publikoa, duina eta integrala lortzeko bidean". Aldaketa hauetarako mobilizatzen segitzea ezinbestekotzat jo zuten.

"Nekatuta gaude arazoa profesionalen falta dela entzuteaz"
Milaka lagun mobilizatu ziren atzo Osakidetzaren hiru euskal lurraldeetan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiriburuetan. Iragan apirilean ere hala egin zuten, "Osakidetzaren etengabeko desegitea salatzeko". Protesta ekimen hauek guztiek erakusten dute antolatzaileen esanetan, "geroz eta kezkatuago gaudela gure osasun sistemak pairatzen duen egoera larriagatik". 

Testuinguru horretan salatu zutenez, "nekatuta gaude arazoa profesionalen falta dela entzuteaz, benetako arazoa berariazko planifikazio eza eta zerbitzuen desegitea izan denean eta arazo hauen jatorri eta muinean dagoenez, herritarrek eta herri mugimenduek parte hartzeko ditugun aukeren gabezia eta egiten duzuen kudeaketaren kontrol demokratikorako mekanismorik ez egotea".

Osasun publikoa indartzea, "benetako inbertsioa"
Eusko Jaurlaritzak alor honetan duen jokabidea salatu zuten. "Onartezina da, onartezinak dira Eusko Jaurlaritzatik entzun behar ditugun propaganda diskurtsoak. Pairatzen ez ditugun arazoetarako irtenbideak dituztela diotenean, arazoa euren eran progresiboki eta berariaz sortu dutenean. Onartezina da ere osasun sailburuak kultura aldaketa batetaz hitz egitea. Eufemismo hutsa da pixka bat gehiago mugitu behar dugula iradokitzea eta iraingarria da itxaron zerrendak konpontzeko osasun langileen publikoen lan kargak erakunde pribatuetara desbideratzea. Egungo ogia, biharko gosea, hauxe da gure ordezkarien errezeta, itxaron zerrendak murrizteko".

Osasun zerbitzu publikoek egun bizi duten arazoen jatorrira jo beharra azpimarratu zuten. "Gaixotasunekin gertatzen den bezala, ez bada arrazoia aztertzen eta sintomak bakarrik artatzen badira, gaur egungo arazoak berriro errepikatuko dira, osasun pribatura desbideratuz. Gastua handitzea, osasun publikoa are gehiago ahultzeaz gain, diru publikoa xahutzea da. Aldiz, osasun publikoa indartzea, sendotzea, hori da benetako inbertsioa".

Egungo EAEko lehendakari Iñigo Urkulluk eginiko adierazpenei erantzun nahi izan zieten. "Tamalgarria da matematika oinarrizkoena, sinpleena baztertzen duen lehendakari bat izatea. Zerbitzu publikoen kostua langile publikoei egotziz, zera dio inongo lotsarik gabe; funtzionarioen nominak ordaintzeko ezin direla erabili herritarren aurrezkiak. Urkullu zerbitzu publiko batek lau pertsona behar baditu, pentsaezina da merkeagoa izatea lau pertsonen soldata eta enpresa irabazleei ordaintzea, zuzenean administraziotik lau soldata ordaintzea baino, osasun zerbitzuak ahultzen dituen lan baldintzak prekarizatuz ez bada noski".

Greba feministarekin bat
Egungo zaintza sistemaren porrota nabarmendu zuten Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformek atzoko manifestazioan. Testuinguru honetan, "herritarrek argi dugu irtenbideak publikoa, duina eta integrala behar duela izan. Ezin dugu onartu zaintza ere enpresa pribatuentzat negozioa izatea. Soberan dakigu enpresa baten irabazleak proportzionalak direla herritarrei eskaintzen dien zaintza kalitate mailarekin. Hau ere oinarrizkoa da Urkullu, Tolosan, Irunen, Zumarragan ikusi dezakezu. Irabaziak handitzen badituzte, zaintza zerbitzuen kalitatea gutxitzearen kontura da", salatu zuten.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak azaroaren 30eako deitua duen zaintza eskubide kolektiboaren aldeko greba orokor feministarekin bat egin zuten.